Emakume abstrakziogileen erakusketa Guggenheimen

Emakume abstrakziogileen erakusketa Guggenheimen Emakume artistek abstrakzioari egin dioten ekarpenaren historia idaztea du helburu erakusketak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/emakume-abstrakziogileen-erakusketa-guggenheimen/@@download/image/MASTER-1920x1080-DIGITAL-eu.jpg
2021/10/26

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Emakume artistek abstrakzioari egin dioten ekarpenaren historia idaztea du helburu erakusketak.
Emakume abstrakziogileen erakusketa Guggenheimen

Guggenheim Bilbao Museoak Emakumeak abstrakziogile erakusketa jarri du martxan eta otsailaren 27ra arte egongo da ikusgai.  Museoaren hitzetan, "abstrakzioaren historiaren ikuspegi berria" eskaintzen du, arte plastikoak, dantza, argazkigintza, zinemagintza eta dekorazio-arteak landu zituzten ehun emakume baino gehiagoren lanen bitartez. "Erakusketan bilduriko emakumeek modernitatearen eta bere legatuaren sortzailekide eta egile papera dute, merezimendu osoz" gaineratu dute. 

Munduko txoko guztietan emakumeek modernotasuna eta abstrakzioa nola ulertu zuten erakustea da asmoa eta Latinoamerika, Ekialde Ertaina eta Asiako modernitatea ere erakutsi nahi dute, artista afroamerikarrak ahaztu gabe. Gehienbat, XX. mendeko artisten obrak batu dituzte erakusketan, 1980ko hamarkadara artekoak. Dena den, XIX. mendean sartu-irten batzuk ere badira.

Erakusketa honen helburua, halaber, artearen historia zalantzan jartzea da, praktika aitzindarien segida gisa soilik hartu izan den heinean. Emakume artisten banakako ekarpenak azpimarratu nahi izan dituzte, aitzindariak izan ala ez; izan ere, "artista hauek guztiak, originalak eta bereziak, parte-hartze zuzena dute historia honetan".

Erakusketa hau Parisko Centre Pompidou-k antolatutakoa da Guggenheim Bilbao Museoarekin lankidetzan, eta Terra Foundation for American Arten laguntzarekin. Erakusketaren sortzaileak Christine Macel, Centre Pompidouko arte-arduradunen burua, eta Karolina Lewandowska, Varsoviako Museoaren zuzendaria eta argazki-arduraduna dira. Laguntzailea, berriz, Lekha Hileman Waitoller, Guggenheim Bilbao Museoko arte-arduraduna izan da.

Erakusketaz gain, gune didaktikoa ere ipini dute, emakume abstraktugileen lana, pentsakera eta eragina jorratzeko. Ganera, katalogoa ere argitaratu dute eta bertan bost saiakera orokor, gaikako beste hamabost, eta erakusketako artista bakoitzari eskainitako 112 testu jaso dituzte.