Emakume Abertzaleon IV. Topaketa Feministak Tolosan

Emakume Abertzaleon IV. Topaketa Feministak Tolosan https://www.gaztezulo.eus/albisteak/emakume-abertzaleon-iv-topaketa-feministak-tolosan/@@download/image/200912105690kartela_tamaina-txikian-212x300.jpg
2012/12/13
berria
Emakume Abertzaleon IV. Topaketa Feministak Tolosan
Euskal Herriko Bilgune Feministak antolatuta, Emakume Abertzaleon IV. Topaketa Feministak izango dira abenduaren 12an, larunbata, Tolosan. Lau urte igaro dira tankera honetako azken ekimena egin zutenetik eta Euskal Herrian emakumeek dituzten arazo eta erronken inguruko hausnarketa gaurkotuaren beharra sumatzen dute. 

Jendartearen eraldaketa da Bilgune Feministaren azken helburua eta, horregatik eta horretarako, sistema patriarkalaren tresnen gaineko azterketa gaurkotua egitea eta eragile feministek begi aurrean dituzten erronka berriak identifikatzea izango da Emakume Abertzaleon IV. Topaketa hauen xedea.

Bi gai izango dituzte hizpide, nagusiki.
Batetik, azken garaiotan mugimendu feministaren baitan orokortu eta errotu den eztabaida bati heldu nahi diote: identitateak. Alegia, Euskal Herriko eraldaketa gauzatzeko zein subjektu feminista den beharrezko, zein praktika feminista, eta horien jardunak zein identitate hautsi eta sortu behar dituzten.
Bestetik, instituzioek bideratzen dituzten politika eta planak ere jarriko dituzte jomugan: nolakoak behar dute izan plan, lege eta politika hauek benetan emakumeon egoera iraul dezaten?

Zenbat eta partehartzaile gehiago, orduan eta aberatsagoa eta anitzagoa izango da eztabaida. Orduan eta osotuagoa hausnarketa. Hortaz, abenduaren 12koa hitzordu garrantzitsua da. Eta egitaraua ere aberatsa oso:

9:00etan: Izen-ematea
9:45-11:30 bitartean: Goizeko mahai inguru nagusia. Nortasun feminista. Zer da eta nola sortzen da identitate feminista.
11:30-12:00 bitartean: Atsedenaldia.
12:00-14:00 bitartean: Hiru mahai inguru.
- Euskal Herriko mugimendu feministak. Identitatea landu duten diskurtso eta praktikak.
- Identitate feministarik gabe, ba al dago Euskal Herria aldatzerik?
- Sexu identitateak. Eztabaida berriak.
14:00-16:00 bitartean: Bazkaria
16:00-16:30 bitartean: Ideia eta ondorio nagusien bateratzea.
16:30-18:30 bitartean: Arratsaldeko mahai inguru nagusia. Genero politikak vs. analisi feministak. Euskal Herriko emakumeen egoerari begiratzeko bi modu.
18:30: Amaiera ekitaldia.

Inskripzioa egiteko aukera www.bilgunetopaketak.mundua.com helbidean topatuko duzue. Informazio gehiago, bestalde, ehbf@bilgunefeminista.org helbidean edota 609 921 373 eskatu ahal duzue.