Elvira C. Garcia Vidale (EGKko bake eta bizikidetza teknikaria): "Ikusle izateari utzi eta parte-har

Elvira C. Garcia Vidale (EGKko bake eta bizikidetza teknikaria): "Ikusle izateari utzi eta parte-har https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2014/11/10
elkarrizketa
TESTUA: Saioa Baleztena @SaioB
Elvira C. Garcia Vidale (EGKko bake eta bizikidetza teknikaria): "Ikusle izateari utzi eta parte-har
Eusko Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetza idazkaritzaren eta Euskadiko Gazteriaren Kontseiluaren (EGK) arteko hitzarmenaren bitartez martxan da bakearen eta bizikidetzaren inguruko edukiak elkarbanatzeko asmoz sortu duten Bakeahots.org ataria.


Noiz eta nola sortu zen Bakeahots.org komunitatea eratzeko ideia?
Eusko Jaurlaritzaren eta EGKren arteko hitzarmenean adostu zen proiektuetako bat da Bakeahots. Hasieran, gazteon testigantzak kudeatzeko espazio ireki bat sortzea proposatu zuten, baina EGKtik komunitate birtualaren forma eman genion. Uste dugu euskarri honetan ez dela behin betiko esperientzia bat, denborarekin hornitzen eta aberasten doan ingurune bat baizik. Gainera, guztion eskura egotea abantaila handia da: edonor, edonoiz sartu daitekeelako.

Zein da atariaren helburu nagusia?
Eztabaida eta hausnarketa sustatuz, gazteok azken hamarkadetan bizi izan dugun egoeraren inguruan libreki adierazteko eta esperientziak elkarbanatzeko aukera ematen duen erreferentziazko komunitatea bilakatzea. 

Bakea sendotzeko prozesuan, zein leku izan dute gazteek orain arte Euskal Herrian?
Orokorrean, ikusleak izan gara orain arte. Egia da hainbat erakundek antolatu dituztela gazteak eragileekin inplikatzeko ekintzak, baina eskala txikian izan dira beti eta ez dute oihartzun handirik izan. EGKtik dinamika hori apurtu nahi dugu, gazteok gazteontzat ekimenak antolatuta. Ikusle izateari utzi eta parte-hartze aktibora bultzatu nahi ditugu, gazteak baikara iragana ulertuta etorkizuna eraiki dezakegunak.

Euskal Herrian bakearen eta bizikidetzaren alorrean isilunerik izan dela uste al duzu?
Giza Eskubideen zapalketa eragin duen indarkeria politikoaren ondorioz zatituta dagoen gizarte batean jaiotzeak, hezteak eta bizitzeak asko zailtzen du norbanakoaren izaera eraikitzeko prozesua. Batez ere, nerabezaroan. Isiltasuna egon da, noski, eta gazteon kasuan, esperientzia propioaz aparte, gainera, helduen proiekzioetatik barneratu ditugu.

Zenbaterainoko garrantzia du gisa honetako ekimen baten sorrerak zentzu horretan?
Sakoneko hausnarketa bat egitea ezinbestekoa da, eta era berean, bestelako errealitateak bizi izan dituzten gazteak entzutea ere komeni da, prozesu horretan bakarrik ez sentitzeko. Gizatasunetik besteak ulertzen saiatzea, eta hurbiltauna sentitzea, biolentziarik gabeko eta emozionalki osasuntsua den gizartea sustatzeko lehen urratsa da.

Atarian edukiren bat konpartitu nahi duenak zer egin behar du?
Oso erraza da. Bakeahots.org atarian erregistratu beharko du, benetakoa edo anonimoa den erabiltzaile-izen batekin, eta zein eduki mota igo nahi duen erabaki. Hori bai: 18 eta 30 urte bitartekoak bakarrik erregistratu ahal izango dira.

Hil honetan formakuntza eta topaketen programa eskainiko duzue. Zer egingo duzue zehazki?
Bake asteak prestatu ditugu EAEko hiriburu bakoitzean eta aste berean formakuntza saioa eta gazte topaketa batera joateko aukera izango dute hiru lurraldeetako gazteek. Formakuntza saioa talde hausnarketa izango da; Gazteok biolentziaren aurrean: bizikidetza sustatuz izango du izena. Topaketan aldiz, Bake Ibilbideak egingo ditugu. Hau da, hiriburu bakoitzean iraganarekin, orainarekin eta etorkizunarekin lotu diren elkarrizketa txoko batzuk bisitatu eta hainbat ekintza egingo dira. Eta eguna behar bezala amaitzeko, pintxo-potea izango da!

Parte hartu nahi duenak zer egin behar du?
Formakuntza saiora eta Bake Ibilbideetara apuntatu nahi duenak EGKra deituta, bakea@egk.org helbidera idatzita edo Bakeahots.org atarian dagoen eskaera orria beteta eman ahalko du izena. Jarduerak eta pintxo-potea doakoak izango dira, eta garraio gastuak ordainduko dira, hortaz, ez dago aitzakiarik!