Elurrari erronka

Elurrari erronka https://www.gaztezulo.eus/albisteak/elurrari-erronka/@@download/image/20102116129RP_2_feb_004_Paul_Foto_BAT.jpg
2012/12/13
berria
Elurrari erronka
Ostiralean, hilak 12, hasiko dira Neguko Olinpiar Jokoak, Vancouverren (Kanada), eta Paul de la Cuesta donostiarra izanen da lehiatuko den euskal herritar bakarra. Eski alpinoko probetan parte hartuko du, hain zuzen ere: jaitsieran, super erraldoian eta erraldoian.

Paul de la Cuesta 1988ko azaroaren 28an jaio zen, hiru urterekin jantzi zituen estreinakoz eskiak eta 2005ean, jaitsieran, Munduko Txapelketa irabazi zuen gazte mailan. Joan den urtean, Frantziako Val D"Isere eski estazioan jokatutako Munduko Txapelketan 26. postuan sailkatu zen, helduen kategorian, jaitsieran ere, eta aurten lehen aldiz parte hartu du Munduko Kopan. De la Cuestak badaki Olinpiar Jokoetan lehen postuak oso urrun izango dituela, eta nagusiki eskarmentua pilatu behar duela Vancouverren, datozen urteetako txapelketetara begira.

“Kirolari guztien ametsa da Olinpiar Jokoetan izatea eta niretzat ere hala da. Erraldoian eta super erraldoian moldatzen naiz ondoen, baina proba guztietan onena ematera joango naiz”, esan berri du 21 urteko eskiatzaileak. Indar fisikoa asko erabiltzen duela dio De la Cuestak, beti ere teknika alboratu gabe. Lehiatuko den lasterketa guztietan abiadura oso garrantzitsua da. Italia, Suitza eta Austriako eski estazioetan entrenatu ohi da donostiarra, eta horregatik etxetik kanpo pasatzen ditu egun asko.

Neguko Olinpiar Jokoak lau urtean behin jokatzen dira eta bi aste pasatxo iraungo dute; hilaren 12an hasi eta 28an bukatuko dira.