Elorrioko '24 Ordu Digitalean’ film laburren lehiaketa abenduaren 2an izango da

24 Ordu Digitalean film laburren lehiaketaren hamazazpigarren edizioa izango da aurtengoa eta, ohiko moduan, 24 ordutan, oinarri zehatz batzuetatik abiatutako istorioa asmatu, grabatu, editatu eta esportatu beharko dute parte-hartzaileek. Esaldi, objektu eta gai zehatz bat agertu beharko dira lanean, baina lehiaketa hasterakoan jakingo dute zeintzuk izango diren.
Lana hogeita lau orduren ostean aurkeztu beharko da, eta, egun horretan, abenduaren 3an, 20:00etan, film laburren emanaldia eskainiko da. Ondoren, sariak banatuko dira: 700 eurokoa da sari nagusia, eta 500 euroko bi sari egongo dira beste bi finalistentzat.
Hitzordua abenduaren 2an izango da, arratsaldeko 17:00etan, Arriola Antzokian.
Gazteei zuzendutako ikastaroa
Lehiaketarako formazioa eskaintze aldera, 16 eta 30 urte arteko gazteentzako tailerra egingo dute larunbatean, 10:30etik 13:30era. Telefonoek ikus-entzunezkoak sortzeko, irudiak grabatu eta muntatzeko, ematen dituzten aukeren inguruko lanketa egingo dute. Grabazio eta post-produkzioaren inguruan arituko dira: plano motak aztertu, telefonoak ematen dituen grabaketarako aukerak ezagutu, ediziorako aplikazioak erabiltzen ikasi, trikimailu errazak barneratu... Ikastaro teoriko eta praktikoa izango da, eta antolatzaileek azaldu dutenez, "gazteak ikus-entzunezko piezak sortzeko gai izango dira tailerraren ostean".