Elon Musk-ek, Tesla Bot, gizaki itxurako robota, aurkeztu du

Ezustean iritsi zen iragarpena Al Day ekitaldiaren bukaeran. Bertan Tesla-k Adimen Artifizialean egindako zenbait aurrerapen erakutsi zituen. Adierazi zuenez, aurrerapen guzti horiek giza itxurako robot batean aplikatu ditu. Robot hau gai izango da modu autonomoan erabiltzeko auto ezagunen teknologian berdina erabilita.
Konferentzian erakutsitako robotaren diseinua da, ezbairik gabe, txundigarriena. Aurpegirik gabeko gizaki bat da. Zientzia fikziozko film batetik ateratakoa dirudi, zeinetan gizakiaren amaiera dakarten robot horiek.
Hain justu, hori da Musk-en beldurra. Lehendik ere AA-k dituen arriskuez hitz egin izan baitu. Hori dela eta, ziurtatu du gizaki batek Tesla Bot-engandik ihes egin behar balu ihes egiteko diseinatua dagoela, ez baita 8 km/h baino gehiagoko abiadura hartzeko gai eta borroka batean gizakia garaile atera dadin ere pentsatuta dago, ez baitu 56 kilo baino gehiago pisatzen.
Ez da ohiko azalpena izaten hau roboten aurkezpenetan, ez baita aurkezten produktua etsai hilkor potentzial baten moduan. Robota amets gaizto batetik aterata daudela badirudi ere, lagunkoia izateko diseinatua dago, buruan pantaila bat baitu aurpegi ezberdinak erakutsi ahal izateko.
Teknologia autonomoaz gain, Teslak algoritmoak ere aplikatu dizkio robotari. Ideia Tesla Bot jarduera errepikakorretan, arriskutsuetan edo besterik gabe aspergarrietan erabiltzea da. Musk-ek aipatu zuen etorkizunean lan fisikoak aukerazkoak izan behar lukeela robotei esker, hauek egingo baitituzte lanik gogorrenak.
Lan hauek bete ahal izateko, Tesla Bot gai da 20 kiloko pisua garraiatzeko eta lurretik 70 kilo jasotzeko. Hala eta guztiz ere, Musk-ek aipatu du honelako robot bat sortzeko erabakia ez zela euren fabriketan dituzten beharretatik sortu, baizik eta behar zuen teknologia eskura zutelako. Uste du hobe dela lehena eurek egitea, besteek egin aurretik, ziurtatzeko segurua dela.
Alabaina, oraingoz, Musk-ek martxan dituen proiektuetako bat gehiago besterik ez da, ez baitu prototiporik ere eta bere eraikuntza ez da hasiko 2022ra arte.