ELKARRIZKETA: NAGORE PORTUGAL

ELKARRIZKETA: NAGORE PORTUGAL “MUNDU GUZTIAK EGIN DEZAKEEN LANA DA, BAINA DUGUN PASIOA IKUSLEEKIN PARTEKATZEKO, ZINEMA GUSTATU EGIN BEHAR ZAIGU” https://www.gaztezulo.eus/albisteak/elkarrizketa-nagore-portugal/@@download/image/ELK_nagore-13.jpg
2023/12/26
elkarrizketa
“MUNDU GUZTIAK EGIN DEZAKEEN LANA DA, BAINA DUGUN PASIOA IKUSLEEKIN PARTEKATZEKO, ZINEMA GUSTATU EGIN BEHAR ZAIGU”
ELKARRIZKETA: NAGORE PORTUGAL

GALTZEAR DAGOEN ESPEZIEA DA NAGORE PORTUGAL OTERMIN (PASAI ANTXO, 1986) PROIEKZIONISTA. BERE LANAREKIKO MAITASUN SUTSUA DU ETA, HORREGATIK, ARLO HONETAN ADITU ETA ERREFERENTE BILAKATU DA. EZ DA HARRITZEKOA, BERAZ, DONOSTIAKO ZINEMALDIKO ARLO TEKNIKOAREN KOPIEN ARDURADUNA IZATEAZ GAIN, NAZIOARTEKO JAIALDI GARRANTZITSUENETAN ERE LANEAN ARITZEA. HORI GUTXI EZ, ETA ERRENTERIAKO OZZINEMAN PROGRAMATZAILE LANETAN ERE ARITZEN DA. HORTAZ, ELKARRIZKETA HONI SOINU BANDA BAT JARRI BEHARKO BANIO, ENNIO MORRICONEK 'CINEMA PARADISO' FILMERAKO EGINDAKOA AUKERATUKO NUKE; MELODIA EDER HORIEK BEZALA, PORTUGALEN ALAITASUNA ETA PASIOA BEREHALA KUTSATZEN BAITZAIZKIZU.

  • Proiekzionista zara. Zer esan nahi du horrek? Azaldu zure eguneroko lana...
    Tabakaleran proiektatzen ditugun film guztiak probatzen ditut; guztia zuzen dagoela ikusi, akatsik ez dutela, azpidatziak badauzka, dena ondo dagoela eta abar. Guztia egoki dagoela ziurtatuta, emanaldia prestatzen dugu; kopia digitala baldin bada, zerrenda bat izaten dut, eta analogikoa baldin bada, filma montatu eta dena makinan prest utzi. Ikusleak iritsi, argiak itzali eta ordua iristen denean, guztia ezin hobeto egon dadin. Gero, filma ematen ari garen unean ere, adi egon behar dut zuzen egon dadin guztia.
  • Denok dugu buruan 'Cinema Paradiso' filmaren irudia. Antzeko zerbait egiten duzu ala apur bat erromantizatua dagoen irudia da?
    Antzeko zerbait egiten dut, bai –barreak–. Hogeita hamabost milimetrotan ematen ditugunean, makina handiak dira eta fotogramaz fotograma egin behar da muntaia; zentzu horretan oso antzekoa da, bai. Egia da gaur egun gehiena digitala dela, baina Tabakaleran hogeita hamabost milimetrotako bi proiektore dauzkagu eta beste bat hamaseikoa, eta beti saiatzen gara ekartzen ditugun filmen jatorrizko formatua errespetatzen.

  • Zure aita Xabier Portugal Arteaga da, zinemazale sutsua eta hainbat egunkaritan zine kritikari izandakoa. Zerbait kutsatu zizun berak? Berari esker hasi zinen mundu honetan?
    Jaio nintzen unetik kutsatuta –barreak–. Aitarekin askotan joaten nintzen zinemara txikitan, elkarrizketak egitera joaten zenean bere alboan egoten nintzen entzuten… Txiki-txikitatik izan dut harreman estua zinemarekin. Egiari zor, ez dut esango nire txikitako ametsa proiekzionista izatea zenik, baina bai zinemaren munduarekin lotura zuen zerbait.
  • Aitarekin txikitan sarritan joaten zinela zinemara esan duzu; oroitzen zara berarekin ikusi zenituen lehen pelikulez?
    Asko dira egia esan, baina gehiago gogoratzen ditut uneak, sentsazioak edo esperientziak, filmak baino. Donostiako Astoria zinemetan egiten genituen ilara luzeak, eserlekuan eseri eta argiak itzaltzen zirenean… Askotan berdin zitzaidan zer film ikusi, gustatzen zitzaidana plana bera zen. Umetan haserrealdiak izaten nituenean, aitak jartzen zituen filmekin lasaitu egiten nintzen: The Nightmare Before Christmas, Cantinflas, Marx anaiak… “Aita, jarri nire laguna!”, esaten nion. Nire txikitako lagunak Marx anaiak eta Cantinflas ziren –barreak–.

Elkarrizketa osorik irakurtzeko GAZTEZULORATU edo eskuratu GAZTEZULOko dendan!