[Elkarrizketa] Ezezez: “Oso jarrera punkia duen pop diskoa da”.

[Elkarrizketa] Ezezez: “Oso jarrera punkia duen pop diskoa da”. Ezezez taldearen melodiak popetik edaten badute ere, beste hainbat estilo ere atzeman litezke atzean; hala nola punka, rocka, grungea, psikodelia… baina batez ere, Unai madariagak (ahotsa eta gitarrak) ongi esan digunez, gozarazteko helburuz sortutako abestiak dira topatuko dituzunak. Hori da benetan axola duena "Katuzaldia" diskoan eta euren helburua guztiz betetzen dute. Guk guztiari baibaibai. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/elkarrizketa-ezezez-201coso-jarrera-punkia-duen-pop-diskoa-da201d/@@download/image/EZEZEZ.jpg
2024/01/24
elkarrizketa

Testua: Jaione Dagdrømmer 

Ezezez taldearen melodiak popetik edaten badute ere, beste hainbat estilo ere atzeman litezke atzean; hala nola punka, rocka, grungea, psikodelia… baina batez ere, Unai madariagak (ahotsa eta gitarrak) ongi esan digunez, gozarazteko helburuz sortutako abestiak dira topatuko dituzunak. Hori da benetan axola duena "Katuzaldia" diskoan eta euren helburua guztiz betetzen dute. Guk guztiari baibaibai.
[Elkarrizketa] Ezezez: “Oso jarrera punkia duen pop diskoa da”.

Ezezez deitzen zarete. Zergatik horrenbeste ezeztapen? Zeri ez?
Txantxa moduan sortu zen izena da, ez dauka inongo esanahirik. Gure alteregoa Baibaibai da.

Lehen diskoan ingelesez abesten bazenuten ere, bigarren disko honetan euskara hutsean aritu zarete. Nolatan aldaketa hau?
Oso modu naturalean gertatu den aldaketa izan da. Nik (Unaik), euskaraz abesteko gogoa nuen eta nire idazteko estiloa zein izan zitekeen ezagutzeko jakinmin horrek ekarri du aldaketa. Taldekideak horrekin guztiz ados agertu dira. 

Hedonismoa transmititzen du diskoak, azala oso dadaista da, zer esanik ez diskoaren izena bera (Katuzaldia). Guztia pikutara doala dirudien honetan, ahalik eta hobekien pasatzearen beharra helarazten dit. Zuek nola definituko zenukete diskoa?
Egia da diskoak baduela ukitu hedonista bat, ondo pasatzearen eta gozatzearen ideia modu konstantean eduki dugu presente grabazioan. Disko dantzagarri bat egin gura genuen, dibertigarria zena, eta azalak ere hori transmititzen duela uste dut. Disko nahiko poperoa da, baina distortsioz eta zikinkeriaz betea. Oso jarrera punkia duen pop diskoa da.

Zein izan dira zuen inspirazioak, musika, liburu edo pelikula jakinen bat?
Neuri pertsonalki, Sandro Pennaren poemek lagundu didate, baita egunerokotasunak ere. Eta pozoiak.

Soinuari dagokionez punka, rocka, grungea, psikodelia... askotariko estiloak nahasten dira. Zein izan dira zuen erreferenteak?
Azkenean lau buru eta zortzi esku gara sormen prozesuan, bakoitza bere gustu eta influentziekin eta hori modu positiboan ikusten dugu. Batek ideia bat plazaratzean, besteak bere erreferenteekin aurrekoaren lehen ideia hori apurtzean sortzen dena da interesgarriena guretzako. 

Nolakoa izan ohi da zuen sorkuntza prozesua?
Disko hau laurok batera egin dugun lehenengoa izan da. Konposaketa lana lauron artean egin dugu, batek ideia bat ekarri, besteak soinu bat sartu, ahotsari melodia bat eman... denok bota ditugu ideiak.

Diskoko abesti batekin geratu behar bazenute zein izango litzateke?
Dutxitak oso giro ona dauka, baina Ezezez agian, guretzako daukan zentzuagatik.

Autoekoitzitakoa izan da diskoa hau ere. Zer nolako prozesua izan da? Bakarrik sentitu al zarete?
Autoekoitzia, alde batetik, horrela lan egitea gure filosofiarekin bat datorrelako eta bestetik, beste modurik ez daukagulako. Asko gozatzen dugu prozesu honetan, bakoitzak bere betebeharrez asko gozatzen du, bai diseinuan, soinuaren zainketan etab. Hala ere, lagunen laguntza izan dugu bidean, kanpoko perspektiba ere garrantzitsua delako eta horregatik ez gara bakarrik sentitu. 

Behin diskoa aterata, zein dira zuen asmoak? Zein helburu betetetzea gustatuko litzaizueke?
Ez dugu helburu handiegirik markatzen: ahalik eta kontzertu gehien ematea, hori baita gehien gustatzen zaiguna. 

Aurtengorako jada zuzeneko data dezente lotuta dituzue. Zer aurkituko du zuen zueneko batera hurbiltzen denak?
Zuzeneko dibertigarri bat, energiaz betea eta aurpegi margoturen bat beharbada. Ortzadarrak eta loreak, eta ortzadarrak eta loreak sutan.

Nola hautematen duzue etorkizuna?
Urdin argia.