'Elkarrekin esnatzeko ordua' liburuan oinarritutako pelikula filmatzen ari da Asier Altuna

'Elkarrekin esnatzeko ordua' liburuan oinarritutako pelikula filmatzen ari da Asier Altuna Eneko Sagardoy eta Jone Laspiur aktoreak dira filmeko protagonistak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/elkarrekin-esnatzeko-ordua-liburuan-oinarritutako-pelikula-filmatzen-ari-da-asier-altuna/@@download/image/unnamed.jpg
2024/04/23
Eneko Sagardoy eta Jone Laspiur aktoreak dira filmeko protagonistak.
'Elkarrekin esnatzeko ordua' liburuan oinarritutako pelikula filmatzen ari da Asier Altuna

Asier Altuna zinemagileak Karmele izeneko film luzea grabatzeko lanari heldu dio. Karmele Urresti eta Txomin Letamendiren benetako istorioan oinarritutakoa da, eta Kirmen Uriberen Elkarrekin esnatzeko ordua eleberrian inspiratua. 

Asier Altuna zuzendariaren hitzetan, "Karmele askatasun faltaren aurrean agertzen den pertseberantzia, borroka eta duintasunari buruzko pelikula da. Era berean, kultura, musika eta artea zeharkatzen dituen bidaia bat ere bada. Beti erakarri izan naute hainbat belaunaldiren elkarbizitza erakusten duten historia familiarrak. Karmele ezagutarazi nahi dut, gazte-gaztetatik muturreko egoerei aurre egin behar izan dien emakumea, jarrera ausart eta konprometitua duena, bere ideiekiko kontsekuentea, eta ideia horiek erabakitasunez defendatzen dituena".

Jone Laspiur eta Eneko Sagardoy aktoreek hezurmamituko dituzte bi protagonistak, bikote diren Karmele eta Txomin. Karmeleren gurasoen paperean, berriz, Nagore Aranburu eta Javier Barandiaran arituko dira.

Karmele, Jone Laspiur, erizain euskalduna da, hogeita hamarreko hamarkada amaieran Frantzian erbesteratuta dagoena. Han, Txomin, Eneko Sagardoy, ezagutuko du, tronpetista birtuosoa. Bikoteak maitasun eta konpromiso politikoko istorio bat biziko du Paris, Caracas eta Euskal Herriaren artean. Elkarrekin familia bat osatuko dute, elkarrenganako konplizitate osoz, harik eta bi aukeraren artean erabakitzeko momentua heltzen den arte: familia edo ideiekiko fideltasuna.

Altuna bera da gidoigilea eta zuzendaria, eta lantaldean honako hauek ditu, besteak beste: Javier Agirre argazki zuzendaria, Zaloa Ziluaga arte zuzendaria, Nerea Torrijos jantziteria zuzendaria, eta Aitor Etxebarria musikaren konposatzailea.

Txintxua Films SL eta Esnatzeko Ordua Films AIE-k ekoiztetxeak daude proiektuan, eta grabaketak maiatza bukaera arte iraungo du, Euskal Herri osoko hainbat tokitan.