‘Elkarrekiko menpekotasunak’, Donostiako Okendo Kultur Etxean

‘Elkarrekiko menpekotasunak’, Donostiako Okendo Kultur Etxean https://www.gaztezulo.eus/albisteak/elkarrekiko-menpekotasunak-donostiako-okendo-kultur-etxean/@@download/image/elkarmenpekotas_1361786087.jpg
2013/02/25
berria
Etxeko langileak eta zaintzaren krisia erretratatzen duen erakusketak hainbat artista feministaren lanak bildu ditu, eta apirilaren 27ra arte bisita daiteke. "Etxeko langileak ezinbestekoak dira, baina jendarteak ez ditu baloratzen; eta gizonezkoek, estatuak eta enpresek jasotzen dute onura handiena".

Etxeko langileen errealitatea eta zaintza azterketa politiko eta ekonomikoen jomugan jartzea aldarrikatzen duen bilduma da ‘Elkarrekiko menpekotasunak’, feminismoak aspaldi beregain hartu zuen aldarrikapen bera. Patriarkatuaren eta emakumeen arteko elkarmenpekotasunari egin nahi dio erreferentzia, gizon eta emakumeen artekoari, emakume batzuen eta besteen artekoari; eta maila, etnia eta jatorrizko botere-ardatzen araberakoari baita ere.
Aurkezpen egunean Esther Moreno erakusketaren komisarioak eta Naiara Sampedro Berdintasuneko, Migrazioko eta Gazteriako Zinegotzi Ordezkariak azaldu zutenez, "erakusketa honetan, ezinbestean, jendartearen sostengu diren pertsonen bizitzaren ikuspuntuak azaleratzen dira. Inork ez luke bizirik iraungo bizitzako uneren batean zaindua izan gabe". Nork zaintzen du? Nor da zaindua? Zergatik zaintzen da eta zenbat? Zaintzak zer esan nahi du eta ze mendekotasun sortzen ditu?
Orotara bederatzi artistaren aleak bildu dituzte Donostiako Okendo Kultur Etxean, bertako Udaleko Berdintasun Sailak eta Kultura Sailak babestuta, otsailaren 22tik apirilaren 27ra bitarte.

Elena Fraj (Zaragoza, 1977)


Frankismo garaiko etxeko zerbitzuko langileen mundua dakar hainbat elkarrizketa grabaturen bitartez hauen errealitatea filmetako irudi estereotipatuarekin kontrastatuz.

Yolanda Herranz (Barakaldo, 1957)


Bere soinu instalazioak amaren gaixotasunaren prozesua eta zaintzailearekin izandako topaketa barnebiltzen ditu.

Louisa Holecz (Londres, 1971)


Home lanean, mota guztietako mantalak ageri dira moztuta eta, ondoren, josita, etxe forma duen egitura bat eratuz.

Natalia Iguiñiz (Lima, 1973)


25 langileri eta enplegu-emaileri egindako argazkiekin osatu du La otra obra, erdi mailako Limako etxearen intimitateak begiratuta.

Daniela Ortiz (Cuzko, 1985)


Peruko goi mailako familia batzuk etxeko eguneroko egoeretan islatzen dituen 77 argazkiko bilduma eratu du.

Martha Rosler (Brooklyn, New York)


Rosler aitzindaria izan zen 70eko hamarkadan artearen eta feminismoaren artean eman zen topaketan. Tijuana Maid (1975) lanean, etxeko langileen esperientziak agertzen dituzten posta txartelak bildu zituen.

Dora Salazar (Altsasu, 1963)


Kobre harizko bi irudi dakartza, ama eta alaba, irudi biluztuak benetako tamainan; denboraren joanaz, gorputzaren hauskortasunaz edota bere hutsaltasunaz dihardu.

2010eko martxoaren 28an


Madrilen egin zen etxeko langileen eskubideen aldeko manifestazioaren argazkiak eta bideoa ere ekarri dituzte Elkarmenpekotasunak erakusketara.