Elkarrek Joseba Jaka bekarako deialdia egin du

Elkarrek Joseba Jaka bekarako deialdia egin du Azaroaren 30era arteko epean aurkeztu beharko dira proiektuak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/elkarrek-joseba-jaka-bekarako-deialdia-egin-du/@@download/image/joseba-jaka-kmYH-U200871568437UcE-758x531@Diario Vasco.jpg
2023/08/09
Azaroaren 30era arteko epean aurkeztu beharko dira proiektuak.
Elkarrek Joseba Jaka bekarako deialdia egin du

Elkar Fundazioak Joseba Jaka bekarako deialdia egin du, sormen lanak sustatu eta laguntzeko asmoz.  Narratibako lanak, eleberri edo ipuin bildumak, eta idazteko proiektuak aurkez daitezke, jatorrizkoak eta euskaraz sortuak, beste inondik moldatu gabeak eta saririk jaso gabeak. 

Honako dokumentazioa aurkeztu beharko da: sormen lanaren azalpena, bi eta bost orri bitartekoa, argumentua, egitura, luzera edo estiloa zehaztuz; 15-25 orri bitarteko lagina; eta egilearen izen-abizenak, helbidea, posta elektronikoa, telefonoa eta nortasun agiriaren kopia eskaneatua.

Proiektuak azaroaren 30era arte bidal daitezke josebajakabeka@elkar.eus helbide elektronikora edo helbide honetara: Joseba Jaka beka. Elkar Fundazioa. Haizpea industriagunea, 1. 20150, Aduna.

Epaimahaia Irati Majuelo, Itziar Ugarte eta Iban Zalduak osatuko dute eta haiek aukeratuko dute irabazlea aurkezten diren lan guztien artean. Aurkeztutako lanek behar besteko kalitaterik ez badute, beka eman gabe utz dezakete. 2024ko apirilean emango da ezagutzera bekaren irabazlearen izena.

Irabazleak, izendapena jaso eta urtebeteko epea izango du, gehienez, lan amaitua Elkar Fundazioari helarazteko. Beka 10.000 eurokoa izango da; bekaren diru kopuruaren erdia, irabazle izendatu ondoren jasoko du, eta beste erdia, idazlan amaitua entregatu eta epaimahaikoek onespena emandakoan. Lanaren luzera  liburua osatzeko adina izan beharko du, 150 orrialde gutxienez.