Elkanoren mundu birarekin eta kultur aniztasunarekin lotutako 'Bi mundu' kantua sortu du Xabi Solanok

Elkanoren mundu birarekin eta kultur aniztasunarekin lotutako 'Bi mundu' kantua sortu du Xabi Solanok Igandean joko du lehendabiziko aldiz jendeaurrean, Aiako emanaldian. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/elkanoren-mundu-birarekin-eta-kultur-aniztasunarekin-lotutako-bi-mundu-kantua-sortu-du-xabi-solanok/@@download/image/1655463691102.jpg
2022/06/17

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Igandean joko du lehendabiziko aldiz jendeaurrean, Aiako emanaldian.
Elkanoren mundu birarekin eta kultur aniztasunarekin lotutako 'Bi mundu' kantua sortu du Xabi Solanok

Datorren irailaren 6an 500 urte beteko dira Juan Sebastian Elkano Victoria ontzian itzuli zenetik; hiru urte lehenago Sevillatik abiatu zen espezien irletarantz, portugesen uretatik igarotzen ez zen merkataritza-bide baten bila. Abiatu ziren 238 marineletatik 18 iritsi ziren bizirik, horien artean lau euskaldun, eta bost itsasontzitatik bakarra. Victoria itsasontzia abiatu zen portura itzuli zen, eta espero ez zuten zerbait lortu zuen: munduaren inguruan buelta osoa ematea lehen aldiz.

Elkano Fundazioak hainbat ekintza gauzatu ditu azken urteotan gaiari buruzko ezagutza zabaltzeko: ikerketa akademikoak, ikastaroak, hitzaldiak, liburuak, dokumentalak,ikuskizunak... Orain, Etxeparerekin elkarlanean, kantua sortu dute, Xabi Solano Maiza (Hernani, 1978) abeslariaren eskutik. Elkanok munduari emandako lehenengo biran inspiratutako kantua da Bi mundu, eta aniztasunean, kultura trukaketan eta bidaia hura posible egin zuten pertsona guztien elkarketan jarri nahi du arreta, euskaratik eta euskal herritarren ikuspegitik.

Jon Garmendiak Txuriya-k, Solanoren ohiko kolaboratzaileak, idatzi du abestiaren letra. ‘Itsaso zaharrean berria da ura’ esaldiak Elkanoren eta espedizio horren bidez bidaian zehar ezagutu zituzten herrietara iritsi ziren berrikuntza guztiei, tartean euskara, egiten die erreferentzia. Horretaz gain, bidaia horretatik beraiekin batera bueltan ekarri zuten guztiari (‘Berriz itzultzean hasierako portura’) ere egin dio aipamena.

Euskal kultura birkokatzeko balioko duten beste ahots eta kontakizun batzuk bilatu nahi izan dituzte, eta baita beste instrumentu eta kultura batzuk ere. Hori dela eta, kantua konposatzeko, Solanok Cabo Verdera egin du bidaia, Elkanok eta gainerako eskifaiek bertan egin baitzuten azken geldialdia penintsulara itzuli aurretik. Bertako artistekin egoteko aukera izan du Solanok, hala nola Tressarekin, Solangerekin edo cimboa-ren, dortoka-oskolaz egindako harizko instrumentuaren, azkeneko interpretea den Pascoal Fernandezekin. Ferrinhoak eta cavaquinhoak, Cabo Verdeko musikako instrumentu tradizionalek, Solanoren trikitixa eta panderoarekin uztartu dituzte. Beste parte-hartzaile asko ere badira kantuan: Arkaitz Miner, Txus Aranburu, Ander San Jose, Iñigo Egia, Aitor Zabaleta eta Moonshine Wago taldea, besteak beste. Amaierako nahasketa Rafa Sardina musika-produktorearen estudioan egin da, Los Angelesen. 

Kantua Spotify eta Youtube plataformetan entzun daiteke, eta Solanok datorren igandean Aian eskainiko duen kontzertuan joko du lehendabiziko aldiz jendaurrean. Bideoklipa ere argitaratuko dute laster, abestia sortzeko prozesuan grabatutako irudiekin. 

Musikariak abestiko hainbat ideia azpimarratu ditu, hala nola bidaia horri esker euskarak ere mundubira egin zuela. “Aberastasun kultural izugarria da hori mundura eraman zutelako garai hartan, hizkera zahar bat munduko portu anitzetan, haizea bezala hedatuz, eta kanpoan ere etxean bezala izateko". Kantuaren letran aipatzen den moduan, "urrun egonda ere izateko ondoan, euskaraz hitz egiterakoan".