ELIAS QUEREJETA ZINE ESKOLAKO IKASLEEK ‘IRLA MORTU BAT’ ZIKLOA EGINGO DUTE
Donostiako Elias Querejeta Zine Eskolako Komisariotzako ikasleek Irla mortu bat. Zinema programa bizigarri bat programa antolatu dute Tabakaleran, apirilaren 9tik 14ra. Bederatzi film emango dituzte, eta ikasleek ekoitzitako bi instalazio ere izango dira, aste osoan zabalik egongo direnak.
Irla mortu bat izena jarri diote zikloari: "Hasiera berri hau da ziklo honen abiapuntua, Tabakalerako zine aretoan garatua. Azken finean, zine areto bat hartu eta biltzen duen uharte bat ere bada, aukera berrietara zabaltzen dena. Programa honetako filmen galdera da nola bizi leku batean, nola planteatu elkarbizitza, nola irten isolamendutik elkar aurkitzeko".
Apichatpong Weerasethakulen Blissfully Yours filmak (2002) emango dute apirilaren 9an, asteartean. Jatorrizko hizkuntzan izango da, euskarazko eta ingelesezko azpidatziekin. Hilaren 10ean, Daniele Huillet y Jean-Marie Strauben Operai, contadini ikusi ahal izango da, eta hurrengo egunean, berriz, bi saio bikoitz antolatuko dira: lehenik, Maximilian Bungartenen The Age of Innocence (2022) eta Luis Esguerra EQZEko bosgarren promozioko ikaslearen Tú me hiciste ver el cielo (2023). Ondoren, Helena Giron eta Samuel M. Delgadoren Bloom (2023) eta Sílvia das Fadasen A casa, a verdadeira e a seguinte, ainda está por fazer (2018). Bigarren saioan Das Fadas bera egongo da, eta, filma aurkezteaz gain, proiektatu ere egingo du.
Azken bi saioak hilaren 12an egingo dituzte. Lehenengoan, Miryam Charlesen Vole, vole tristesse (2015) eta Rhayne Vermetteren Ste. Anne (2021) proiektatuko dituzte, eta, bukatzeko, Sharon Lockharten Eventide (2022).
Ikasleen instalazioak
Instalazioak benetako uharteei buruzkoak izango dira, Donostiarekin eta inguruko lurraldeekin lotura zuzena duten uharteen ingurukoak. Deva Peredaren Lika ikus-entzunezko instalazioa Bidasoa ibaira eta mugara hurbiltzen da, begirada Faisaien Uhartean finkatuta. Ana Julia Silvinoren Odoyá ez dago! soinu instalazioa Santa Klara uhartean egindako entzute aktiboko ariketa bat da, ikusten ez denari eta hautematen duen gorputz etorkinari buruzko fikzio espekulatibo bat.
Lika Tabakalerako 2 Nabean egongo da ikusgai, asteartetik igandera, 16:00etatik 20:00etara. Odoyá ez dago!, berriz, beheko solairuan, plazan, eraikina zabalik dagoen bitartean egongo da ikusgai. Biak doakoak izango dira eta bi artistek elkarrekin aurkeztuko dituzte beren lanak, apirilaren 10ean, 17:30ean, Plazan.
