Elías Querejeta Zine Eskolak ateak ireki ditu

Elías Querejeta Zine Eskolak gaur zabaldu du izena emateko epea. Hiru graduondoko eskainiko ditu, zinema definitzeko helburuz; proiektu pedagogiko bakar eta berezia, oinarri moduan hiru ibilbide hartuta: Artxiboa, Komisariotza eta Sorkuntza. Gainera, bere irakaskuntza-planari prestakuntza teorikoa eta praktika profesionalak erantsi dizkio, proiektu pertsonal baten garapenerako laguntzarekin batera.
Espezialitate bakoitzean 15 ikasle izango dira gehienez, eta matrikularen prezioa 3.500 eurokoa da. Ikastaroak 56 aste iraungo ditu, eta Donostiako Zinemaldiaren hurrengo edizioarekin batera abiatuko da, irailaren 21ean. Izen-emate epea, eta maiatzaren 31era arte mantenduko du zabalik.
Gipuzkoako Foru Aldundiak sortu eta finantzatu du eskola, zinemako hiru erakundeen, hots, Euskadiko Filmategiaren, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroaren eta Donostiako Zinemaldiaren jakintza-esparruetatik abiatuta. Eskolaren helburua ez da ohiko prestakuntza-ereduei jarraikiz koadro teknikoak prestatzea, baizik eta errealitate zinematografiko berriak sortzeko gai diren zinegileak sor daitezen bultzatzea.
Ildo horretatik, Artxibo espezialitatearen xedea zinematografiako eta ikus-entzunezko ondarea identifikatzeko, sailkatzeko, zaharberritzeko eta babesteko espezialistak trebatzea izango da; Komisariotzarena, zinema eta ikus-entzunezko arteak gai eta protagonista dituzten era guztietako programazio, argitalpen, interbentzio eta erakusketen kontzeptualizazio, kudeaketa, garapen eta hedapena; eta, Sorkuntza espezialitateak filmak eta ikus-entzunezko artelanak egiteko interesa dutenen prestakuntza teoriko eta metodologikoa ikertuko du, esplorazio praktikoa bezalaxe. Planteamendu honen xedea zera da, ikasleek ikuspegi zabal eta transbertsala bereganatzea eta, horren bitartez, zinemaren iragan, orain eta etorkizunarekiko solasean aritu ahal izan daitezen ahalbidetzea.
Irakasleak zinemako profesionalak dira, aipatu hiru espezializazio arloetan ongi irabazitako izena dutenak eta nazioarteko profil ageriko batez hornituak. Besteak beste, irakasleen artean honakoak izango dira: Koldo Almandoz, Cristina Álvarez, Manuel Asín, Harkaitz Cano, Esperanza Collado, Erika Balsom, Luciano Berriatúa, Xabier Erkizia, Vanesa Fernández Guerra, Beatrice Gibson, Dan Kidner, Reto Kromer, Salome Lamas, Anna Manubens, Takashi Makino, Adrian Martin, Ricardo Matos, Maider Oleaga, Garbiñe Ortega, Filipa Ramos, Kara van Malssen eta Paulino Viota. Irakaskuntzako proiektu honetan parte hartuko dute, halaber, Filmategiko, Tabakalerako eta Zinemaldiko zenbait profesionalek.
2018-2019 ikasturterako izen-ematea
Izen-ematea bakar-bakarrik eskolaren web orriaren bitartez egin ahal izango da. Hautapen prozesura aurkezteko egin beharrekoak:
1. Online formularioa bete: datu pertsonalak eta ikasketei dagozkienak adierazteaz gain, formularioan aukeratu beharko da egin nahi den espezialitatea edo espezialitateak, lehentasun-hurrenkera bati jarraikiz.
2. Fitxari ondoko dokumentu hauek erantsi beharko zaizkio:
* Unibertsitate titulua eta ikasketa espedientea.
* Ikasketak egiteko arrazoiak azaltzen dituen aurkezpen gutuna edo bideoa.
* Curriculum vitaea.
* Sorkuntza ibilbidearen kasuan, memoria labur bat; horretan ikaslegaiak azaldu egingo du ikastaroan zehar garatu nahiko lukeen proiektu pertsonala. Sorkuntzako proiektu horren ikuspegia, formatua eta generoa libreak dira. Artxibo eta Komisariotza espezialitateen kasuan aukerakoa da proiektu pertsonala sartzea.
* Dokumentuak egiazkoak direlako zinpeko adierazpena.
Ikaslegaiek, bere eskaera osatzeko, egoki irizten dieten materialak aurkez ditzakete.
Elías Querejeta Zine Eskolari buruzko informazio guztia eta izena emateko formularioa kontsultatzeko: www.zine-eskola.eus.