Elia-k,Elhuyarren itzultzaile automatikoak, itzultzaile juridiko-administratiboa jarri du martxan

Elia-k,Elhuyarren itzultzaile automatikoak, itzultzaile juridiko-administratiboa jarri du martxan Itzulpenak esaldiz esaldi editatzeko aukera eta itzulpen automatiko gidatua ere baditu orain. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/elia-k-elhuyarren-itzultzaile-automatikoak-itzultzaile-juridiko-administratiboa-jarri-du-martxan/@@download/image/Elia_juridiko_administratiboa.jpg
2022/12/19

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Itzulpenak esaldiz esaldi editatzeko aukera eta itzulpen automatiko gidatua ere baditu orain.
Elia-k,Elhuyarren itzultzaile automatikoak, itzultzaile juridiko-administratiboa jarri du martxan

Elhuyarrek testu juridiko-administratiboak itzultzeko berariazko sistema txertatu du Elia itzultzaile automatikoan. Sistema hau alor horretako itzulpenekin entrenatua dago eta erabiltzaileak, testu-motaren arabera, sistema orokorra, orotariko testuentzat, edo sistema juridiko-administratiboa hauta dezake.

Horrez gain, beste bi berrikuntza ere badira: itzulpenak esaldiz esaldi editatzeko aukera eta itzulpen automatiko gidatua. Dokumentu osoak itzultzeko eskatzean, esaldiz esaldi edita daiteke sistemak proposatutako itzulpena, jatorrizkoarekin konparatuz, emaitza deskargatu aurretik. Hartara, oso erraz zuzendu daitezke sistemaren hutsegiteak, eta batzuk sistemak berak detektatzen ditu gainera: zenbaki desberdinak, helbide elektroniko eta url okerrak… Itzulpen gidatuari dagokionez, proposatzen digun itzulpenaren gainean aldaketak egin daitezke sistemak lagunduta: hitz batean klik egin, eta handik aurrerako zatirako beste proposamen batzuk zerrendatzen ditu. 

Bestalde, Eliak itzulpenak pertsonalizatzeko aukera gehitu zuen urte-hasieran, hitz edo esaldi batzuk nahi bezala itzultzeko, testuen koherentzia mantentze aldera.

Elhuyarren itzultzaile automatikoa elia.eus webgunean erabil daiteke, eta doakoa da. Erregistratuz gero, aurrez aipatutako baliabideak ez ezik, hiztegi pertsonalizatuak erabiltzeko aukera eskaintzen du, hitz jakin batzuk norberak nahi duen eran itzul ditzan. Sei hizkuntzaren arteko itzulpenak egiten ditu segundo gutxi batzuetan: euskara, gaztelania, frantsesa, ingelesa, katalana eta galegoa. Eta gailu mugikorretako aplikazioarekin, irudietako testuak ere itzul ditzake, norberak ateratako argazkietako testuak nahiz sare sozialen bidez iritsitako irudietakoak.