Elhuyar Zientzia Azokan izena emateko epea ireki dute

Elhuyar Zientzia Azokan izena emateko epea ireki dute Bilboko azokaz gain, Nafarroako, Gipuzkoako eta Lapurdiko azokak ere egingo dira datorren urtean. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/elhuyar-zientzia-azokan-izena-emateko-epea-ireki-dute/@@download/image/EZA_02.jpg
2023/10/30
Bilboko azokaz gain, Nafarroako, Gipuzkoako eta Lapurdiko azokak ere egingo dira datorren urtean.
Elhuyar Zientzia Azokan izena emateko epea ireki dute

Elhuyar Zientzia Azoka 12-18 urte bitarteko gazteek garatutako zientzia-proiektuen ekimena da, "ikerketa zientifikoa eta garapen teknologikoa barrutik bizitzeko aukera ematen duena". Horretaz gain, euskararen erabilera sustatzea ere badu helburu.

Euskal Herriko ikastetxe guztietako DBHko eta Batxilergoko gazteek parte har dezakete. Ikasleak eurek erabakitako gaien inguruan arituko dira talde-lanean: galdetzen, ikertzen, diseinatzen, eraikitzen, partekatzen eta esperientzia berriak bizitzen. "Benetako profesionalak ezagutuko dituzte, haiekin abenturak eta bizipenak partekatuko dituzte, eta haien laguntza izango dute beren proiektuak garatzeko", azaldu du Elhuyarrek.

Gainera, Euskal Zientzia eta Teknologia sareko ikertzaile-talde zabal bat bildu du Elhuyarrek, gazteen aholkulari izan daitezen. Berrehun ikertzailek baino gehiagok ematen dute izena urtero —% 56 inguru dira emakumeak— gazteen aholkulari izateko, eta epea zabalik dago oraindik.

Lanaren emaitza euskarazko STEAM proiektu bat izango da, eta maiatzaren 22tik 25era, Bilboko Areatzan, egingo den Elhuyar Zientzia Azokaren ekitaldi nagusian ezagutu ahal izango dira proiektu horiek aurrez aurre. 

Gipuzkoa, Nafarroa eta Lapurdiko azokak
Elhuyarrek Zientzia Azoken sarea sortzeko asmoa du, eta Bilbon ez ezik, tokian tokian ere aurkeztu ahal izango dituzte proiektuak gazteek. Xalbador kolegioko gazteek euren proiektuak erakutsiko dituzte Kanbon, martxoaren 23an; Piarres Larzabal kolegioko gazteek, Ziburun, martxoaren 26an; Nafarroako ikastetxeetako gazteek, Iruñean, apirilaren 27an; Gipuzkoako ikastetxeetako gazteek, Usurbilen, maiatzaren 4an; eta, azkenik, Euskal Herri osoko ikastetxeetako gazteek, Bilbon, maiatzaren 22tik 25era.

Elhuyar Zientzia Azokan izena emateko epea zabalik da otsailaren 28ra bitarte. Azokaren inguruko xehetasunak, parte hartzeko baldintzak eta izena emateko formularioa webgunean daude.