Elena Iruretak jasoko du Santurtziko Zine Jaialdiaren Serantes saria

Elena Iruretak jasoko du Santurtziko Zine Jaialdiaren Serantes saria Urriaren 22an egingo diote aitortza aktore zumaiarrari. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/elena-iruretak-jasoko-du-santurtziko-zine-jaialdiaren-serantes-saria/@@download/image/Elena-Irureta-Serantes-saria-zinea-1536x1536.png
2022/10/10

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Urriaren 22an egingo diote aitortza aktore zumaiarrari.
Elena Iruretak jasoko du Santurtziko Zine Jaialdiaren Serantes saria

Elena Irureta antzezleak (Zumaia, 1955) jasoko du Santurtzi Zine Jaialdiaren Jaialdiaren hamargarren edizioko Serantes saria, "euskal aktoreen hainbat belaunalditarako erreferente bihurtu duen ibilbide luze eta bikaina aitortzeko". 

Buztingile familia batean jaio zen Irureta eta aktore izan nahi zuela argi zuenez, Dantzerti Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantzako Goi Mailako Eskolan matrikulatu zen. Aizpea Goenagarekin batera,Txirri, Mirri eta Txiribitonen telebistako saioaren gidoiak idazten aritu zen eta, 20 urte besterik ez zituela, Jose Maria Zabalaren Axut film esperimentalarekin debutatu zuen zineman. 

Fuego Eterno (JoseAngel Rebolledo, 1985) eta Ke arteko egunak (Antonio Eceiza, 1989) pelikuletan parte hartu zuen hasiera hartan eta baita Bi eta bat telesailean ere. Telebistan ere hainbat ekoizpenetan parte hartu zuen 90eko hamarkadan eta 2000ko hasieran, hala nola Jaun ta Jabe, Periodistas, Al salir de clase, Martin eta El comisario. 

 

Zineman lan gehiago ere kateatu zituen: La ardilla roja (Julio Medem, 1993), La madre muerta (Juanma Bajo Ulloa, 1993), Hola, ¿estás sola? (Iciar Bollain, 1995) eta A ciegas (Daniel Calparsoro, 1997). Ramon Barea zuzendariaren Pecata minuta pelikulan eta Iciar BollainenTe doy mis ojos film sarituan ere lan egin zuen.

Geroago, Telmo Esnal eta Asier Altunaren Aupa Etxebeste! film ezagunean aritu zen eta bigarren zatia ere egin zuen 2019an, Agur Etxebeste! izenekoa. Los misterios de Laura, Hospital central, Allí abajo eta El tiempo entre costuras telesailetan ere lan egin du. Patria telesailean egindako lanari esker hainbat sari irabazi zituen: Forque, Feroz eta Platino.

35 urte baino gehiagoko ibilbidea egin du Iruretak, eta aktore lanetan murgilduta jarraitzen du, gogotsu. Azkenaldiko proiektuak Chus Gutierrezen Sin ti no puedo eta De Caperucita a loba pelikulak, eta Tú también lo harías eta Las invisibles telesailak dira.

Jaialdiaren amaiera ekitaldian, hilaren 22an, egingo diote aitortza. Saioa zortzi eta erdietan hasiko da eta bertaratu nahi dutenek Santurtziko Serantes Kultur Aretoko leihatilan lor ditzakete gonbidapenak.