Elena Anaya: Nerabe eternala

Elena Anaya: Nerabe eternala https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2012/12/13
erreportajea
Elena Anaya: Nerabe eternala

Ez zen oso ikasle ona izan. Ez argia ez zelako. "Carpe Diem" leloa gehiegi maite zuelako baizik. Izan ere, liburuak baino erakargarriagoak baitzitzaizkion Elena nerabeari karatea, mendia eta arrauna. Ikasketak utzi eta gero, amaren ostatuan hasi zen lanean. Sukaldari fina zen arren, aktore izatearekin amets egiten jarraitzen zuen oraindik. Hortaz, esku artean zuen guztia utzi eta Cadizera jo zuen. Bertan, Madrilgo Real Escuela Superior de Arte Dramatico entzutetsuko sarbide probak gainditu zituen. Arte dramatikoa ikasten hasi aurretik, ordea, bere lehen rol esanguratsua erdietsi zuen Alfonso Ungria zinemagilearen "Africa" filmean. Elenaren interpretazio txukunak erakarrita, bere estreinako filmean parte hartzeko eskatu zion Fernando Leon de Aranoa gazteak. Hala, "Familia" apartak zinemaren ateak ireki zizkion. Nolanahi ere, Elenak ez zituen sasoi hartan proiektuak behar bezala aukeratu. Maitasunak, ostera, irri egin zion. "A bocados" antzezlanean ari zela, Gustavo Salmerón aktorea ezagutu eta harekin maitemindu baitzen. Ia bost urte bete dituzte elkarrekin.
Julio Medem donostiarraren "Lucia y el sexo" iradokitzaileak Elenaren izar itzalia berpiztu zuen iaz. Izan ere, Belen haurtzain morbosoaren rolak, sari garrantzitsuak ez ezik, zinemagile espainiar interesgarrienen arreta ere ekarri zuen berehala. Gauzak horrela, Agustin Diaz Yanesen "Sin noticias de Dios", Miguel Albaladejoren "Rencor" eta Pedro Almodovarren "Hable con ella" finetan parte hartzeko aukera izan du azken bi urteotan.

Elenaren talentuak, ordea, Iberiar Penintsulako mugak apurtu ditu dagoeneko. Aurki "En la habitación azul" film mexikar polemikoan ikusteko parada izango dugu. Horrez gain, aurten Luis Puenzo argentinarraren "La lamparita" eta Stephen Sommers estatubatuarraren "Van Helsing" erakargarrietan ere ariko da. Nerabe eternala hazi egin da. Interpretazioaren esparruan, bederen. Bigarren mailako rolak bazterrean uzteko eta protagonismoa bereganatzeko garaia iritsi zaio azkenean. Elena txikiak handi izan nahi du.

Nortasun Agiria
Izena: Elena Anaya
Jaioteguna: 1975-VII-17
Jaiolekua: Palencia (Espainia)
Mutil laguna: Gustavo Salmerón aktorea
Janaririk gustukoena: Japoniarra
Edaririk gustukoena: Piña iragazia
Filmik maiteena: "Léolo" (Jean-Claude Lauzon)
Libururik gogokoena: "Printze txikia" (Antoine de Saint-Exupéry)
Musika talderik estimatuena: The Avalanches