'Eleketa, Xiberoako ahozko oroimenak' erakusketa Maulen izango da irailean

'Eleketa, Xiberoako ahozko oroimenak' erakusketa Maulen izango da irailean Irailaren 9tik azaroaren 4a arte izango da zabalik, bi tokitan banaturik, Mauleko mediatekan eta ondarearen etxean. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/eleketa-xiberoako-ahozko-oroimenak-erakusketa-maulen-izango-da-irailean/@@download/image/4f0572d9-af42-479a-b590-297f08294562.jpeg
2023/08/21
Irailaren 9tik azaroaren 4a arte izango da zabalik, bi tokitan banaturik, Mauleko mediatekan eta ondarearen etxean.
'Eleketa, Xiberoako ahozko oroimenak' erakusketa Maulen izango da irailean

Euskal kultur erakundeak ekoiztutako instalazio multimedia eta interaktiboa da, eta bertan Zuberoako hirurogeita bost lekukok beren bizipenen eta oroimenen berri ematen dute. Eleketa, ahozko memoriak multimedia erakusketaren helburua lurralde bakoitzean bildutako lekukotasunak lurraldera itzultzea eta jendeak gozatzea da. 

108 bideo-pasarte, artxiboak, eta hogeita lau erreportaje tematikok osatzen dute erakusketa. Bideo-pasarteak beren jatorrizko transkripzioarekin eta itzulpenarekin (euskaraz edo frantsesez) ikus daitezke. Erreportajeak Maite Barnetche kazetariak (1941-1986) telebista publikoarentzat Euskal Herria orai eta gero izenburuarekin Zuberoan egindakoak dira. Bestalde, horien denen osagarri, erakusketan jorratutako hainbat gairekin zerikusia duten Baionako euskal museoko zenbait objektu daude. 

Mauleko mediatekako edukietan honako gaiak jorratuko dira: Zuberoako artzaingoa eta laborantza 1930etik gaur egun arte eta lurraldeko gizartea eta ekonomia XX.mendean. Ondarearen etxean, berriz, Zuberoako pastorala eta maskaradak izango dira hizpide edukietan.

 

2007an jarri zuten Eleketa proiektua martxan, Ipar Euskal Herriko biztanleen ahozko memoriaren biltzen. Urtero hogeita hamar bat lekukotasun jaso dituzte. Hazparneko lurraldean estreinatu zen 2020an, eta 2021eko irailean Donibane Lohizunen erakutsi zuten. 2021eko udazkenean Donibane Garaziko herriko etxean ipini zuten eta 2022ko udaberrian Baigorrin.

Irailaren 9tik azaroaren 4a arte izango da erakusketa Maulen. Ordutegiari dagokionez, mediatekan asteartetik ostiralera 14:00etatik 18:00etara bisitatu ahal izango da. Asteazken goizea ere irekita egongo da, 10:00etatik 12:30era, eta larunbatetan 10:00etatik 12:30era eta 14:00etatik 17:00etara. Ondarearen etxean astelehenetik ostiralera 9:00etatik 12:30era eta 14:00etatik 17:30era izango da zabalik, eta larunbatetan 09:00etatik 12:30era.