Elefanteak Londresko parkeetan

Elefanteak Londresko parkeetan Londresko bederatzi gunetan sakabanatuta egon dira tamaina handiko animalia hauek. Laster, gertutik ikusteko aukera izango duzu agian. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/elefanteak-londresko-parkeetan/@@download/image/elephant-4.jpg
2021/07/26

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Londresko bederatzi gunetan sakabanatuta egon dira tamaina handiko animalia hauek. Laster, gertutik ikusteko aukera izango duzu agian.
Elefanteak Londresko parkeetan

Hirurogei elefante migratzaile izan dira ekainetik uztailera Londresko Green Park gunean sakabanatuta, Piccadilly eta Buckingham jauregiaren artean. Ez, ez dira benetakoak, tamainu errealeko eskulturak baizik. CoExistence eta Elephant Family irabazi asmorik gabeko erakundeek gizakiak animalien eta ekosistemaren ondoan hobeto bizi daitezkeela aztertu eta berretsi nahi dute jendaurreko arte-proiektu irudimentsuen bidez. 

CoExistence erakundearen helburua guztientzat onuragarriak diren bizitzeko moduak identifikatzea da, azken mendean munduko biztanleriaren eta naturaren arteko oreka guztiz aldatu baita. 1937an mundu mailako inguruen %66 bere horretan zeuden, ukitu gabe, eta 2.300 biztanle zeuden. Egun, 7.8 mila milioi pertsona bizi gara Lurrean eta zonalde basatien kopurua %35ekoa da.

Bizimodu basatiarekin harremanik ez duten hiriko eremuetara eraman zituzten animalia erraldoiak. Bederatzi gunetan zabaldu zituzten, hala nola St. James's Park, Berkeley Square eta Highgrove-ko Galesko Printze eta Kornualleseko Dukesaren etxe inguruan. 

Ingurugiroaren krisiaz ohartarazteaz gain, Indiako hainbat erakunderentzako dirua biltzeko ere balio dute arte-instalakuntza hauek. Erakunde hauek kultura indigena sustatzen dute eta baita gizaki eta animalien bizikidetza sinbiotikorako teknologia eta azpiegitura ezarri ere.

Erakundeak The Real Elephant Collective-rekin elkarlanean ari dira proiektuan baina India hegoaldeko Tamil Nadu oihanean bizi diren komunitate indigenak ezinbestekoak dituzte berau gauzatzeko. Elefanteen alboan bizi dira eta ondo asko ezagutzen dituzte. Hortaz, beraiek eraikitzen dituzte eskulturak; batzuek ia bost metroko altuera dute eta 300 kilotik gora pisatzen dituzte. Izaki bakoitza Lantana Camara izeneko landarearen banda luzeekin egiten dute. Belar-txarra da, inbaditzailea, erruz zabaltzen dena eta ingurumena desorekatzen duena. Landarea erauzita, ekosistema naturala bere onera ekartzen laguntzen dute. 

Beraien ahalegina sustengatzeko aukera ere bada webgunean, diru-ekarpena eginez, eskultura erosiz edo elefante artelanetako bat adoptatuz. Elefantea taldearen nondik norakoak ere jarrai daitezke CoExistence eta Elephant Family-ren Instagram kontuetan. 

Coexistence-ren asmoa datozen urteetan munduan zehar 500 eskultura ipintzea da eta, nazio bakoitzak toki jakin horretarako diseinatutako animalia-taldea jasoko du.