Elbira Zipitria andereñoari buruzko album ilustratua kaleratu dute Antton Kazabonek eta Jokin Mitxelenak
Elbira Zipitria andereñoa album ilustratuak Elbira Zipitriari aitortza egitea du helburu, eta, horrekin batera, haurrei Zipitria nor izan zen ezagutaraztea. Denonartean argitaletxeak plazaratu du, eta Antton Kazabon idazleak eta Jokin Mitxelena ilustratzaileak sortu dute.
Koloretan argitaratutako hogeita hamasei orrialde ditu eta azal gogorrekoa da. 800 aleko tirada egin dute eta Donostia Kulturako liburutegien haur sail guztietan egongo da. Ikastetxeetara ere iritsiko da Liburuka programaren bidez. Bestetik, liburu dendetan erosi ahal izango da hamabost euroren truke.

Elbira Zipitria (Zumaian, 1906an) oso gazterik joan zen Donostiara bizitzera, aitaren lana zela eta. Alde Zaharreko Fermin Calbeton kaleko 26an zuten etxea.
Gerraosteko lehenengo ikastola jarri zuen martxan, ezkutuan, eta pedagogia aurrerakoiak erabili zituen. Neska-mutilak elkarrekin hezi zituen ikasgela berean, berdintasunean eta euskara hutsean. Irakasle berriak prestatu zituen, eta ilunabarretan Gau Eskolan gurasoak euskalduntzen eta alfabetatzen zituen.
Bere etxeko egongelan eman ohi zituen eskolak, Fermin Calbeton kaleko 26an. Horrela aritu zen Elbira inguruan ikastola berriak sortzen, hauek legeztatzen joan ziren arte. Iparraldean ere aritu zen euskara eskolak ematen, Azkainen, Ziburun, Donibane Lohizunen eta Saran.

