Ekiza

Ekiza https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2016/01/14
kritika
Testua: Leire Palacios
Ekiza
169.zenbakia
Ekiza
Harien soinu apalen intro epifanikoak jakinaren gainean jartzen gaitu: erraiak atera eta horiek utzitako sabel barrunbe odoloztatuari so egitera goaz. Naturalki gertatuko da; begiak irekitzeko eskatuko digu Ekizak aurrena. Beharrezkoa izango da proposatzen diguna betetzea diskoarekin bat egiteko, erreferentzia esentzialetatik jaiotako iluntasun dentso eta zikinarekin diluitzen garela ikusteko. Kanta bakoitzean baretasun deserosotik harrapatzen gaitu dentsitate aldakorreko amaieran askatzeko. Amildegi bakoitza ahotsaren dimentsio bat izango da. Esku dardartia izango dugu amaieran bidaide, heriotzak baino, jaiotza biluziaren gardentasunak harrapatu gaituela antzemateko.