Ekainaren 8an izango da Señora Sariketa, Portugaleten
Señora Sariketaren laugarren edizioa egun bakarrekoa izango da, eta ekainaren 8an jarri dute hitzordua, Portugaleten. Egun osoko egitaraua antolatu dute sariketaren bueltan.
Eguerdiko hamabi eta erdietatik aurrera, Ahalduntze bertso-eskolako kideek bertso poteoa egingo dute, Izar Gorria tabernatik abiatuta. Jarraian, bazkaria izango da Portugaleteko merkatuan, 14:30ean. Aldez aurretik eman behar da izena, formularioa beteta. Merkatuan bertan izango da sariketa, 17:30ean hasita, eta zortzi bertsolari hauek ariko dira kantuan: Haira Aizpurua Ibargarai, Jone Uria Albizuri, Maialen Akizu Bidegain, Ane Zuazubiskar Iñarra, Araitz Katarain Mugarza, Ibai Lekuona Darceles, Eukene de Los Aires Amundarain eta Irati Majuelo Itoiz. Idoia Anzorandia Kareagak egingo ditu gai-jartzaile lanak. Sariketako sarrerak Merkatuko sarreran bertan eskuratu ahalko dira borondatearen truke.
Emakumeei zein azpiratutako identitateei ikusgarritasuna emateko helburuz sortu zuten Señora Sariketa duela lau urte, belaunaldi eta lurralde aniztasuna aintzat hartuta. Sariketaren irudian agertzen den kateorratza “señora guztiak” ordezkatu ditzakeen tresna dela nabarmendu dute antolatzaileek: "Zorrotza da kateorratza eta denak elkartzeko balio dezake aldi berean”.

