Ekainaren 29an hasiko da Donostiako Udako Aire Zabaleko Zinemaldia

Ekainaren 29an hasiko da Donostiako Udako Aire Zabaleko Zinemaldia Bost emanaldi egingo dituzte uztailaren erdialdera bitarte. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ekainaren-29an-hasiko-da-donostiako-udako-aire-zabaleko-zinemaldia/@@download/image/3825.jpg
2023/06/23
Bost emanaldi egingo dituzte uztailaren erdialdera bitarte.
Ekainaren 29an hasiko da Donostiako Udako Aire Zabaleko Zinemaldia

Biziraupena izango da hamargarren zikloaren ardatza, eta giza-bizipenen ikuspegi desberdinak erakutsiko dira proiekzioetan: biziraupen indibidualak, kolektiboak eta mundu eta errealitate ezberdinetakoak. Proiekzioak hiriko leku hauetan egingo dira: Araba parkean, Bidebieta parkean, Urumeako ibai-parkean (Txomin/Martutene), Memoriaren Lorategian (Loiolako Erriberak), eta Arriaga parkean (Altza).

Lehen emanaldia ekainaren 29an izango da, 22:30ean, Araba parkean. The kid (Charles Chaplin, 1921) pelikulan baliabide gutxiko emakume batek seme-alaba bat izango du ezkongabea dela, eta haurraren aitak abandonatuta sentitzen denez, berak ere haurra uztea erabakiko du, familia aberats batek adopzioan hartuko duelakoan. Umeak arlote baten eskuetan amaituko du (Charles Chaplin), eta laster harengana hurbilduko da. John izeneko haurrak bost urte betetzen dituenean, bizirauteko eta elkarrekin irauteko borroka abentura handia izango da. Uztailaren 14an ere emango dute, 22: 30ean, Bidebieta parkean.

Hurrengo egunean, hilak 30, ordu berean, La panthère des neiges (Marie Amiguet, 2021) dokumentala emango dute Urumeako ibai-parkean. Tibeteko goi lurren bihotzean, Vincent Munier argazkilariak Sylvain Tesson idazlea gidatuko du elurretako lehoinabarraren bila.

Hurrengo emanaldia uztailaren 6an izango da, 22:30ean, Oroimenaren Lorategian, eta Montxo Armendarizen Tasio izango da. Tasiok hamalau urte zituenetik egin du ikazkin lana, Urbasa mendilerroko Nafarroako herri txiki batean. Bizitza aldatu egiten da, baina mendia beti berdin geratzen da: malkartsu eta eder. Haur jolasen eszenatokia da, baina familiarentzako mantenua ere bertan aurkitzen du. Heldu egiten denean, ikatzari ezkutuko ehiza gehituko dio. Nahiz eta landa eremuko exodoaren garaia izan, etorkizun hobe baten bila hirietara emigratzeko garaia, Tasiok nahiago du mendian geratu eta bizi, erabateko bakardadean, bere askatasuna babestearren.

Azkenik, uztailaren 7an, Carla Simonen Alcarràs proiektatuko dute Altzako Harria parkean, 22:30ean. Solé familiak hainbat belaunaldi daramatza muxikondo ugari lantzen Alcarràsen, Kataluniako landa-herri txiki batean. Baina uda hau azken uzta izan daiteke: frutak ez du errentarik jasotzen eta eguzki-panelak zuhaitzak ordezkatzen ari dira.