Ekainaren 23an jarriko dituzte salgai Bertsolari Txapelketa Nagusirako sarrerak

Ekainaren 23an jarriko dituzte salgai Bertsolari Txapelketa Nagusirako sarrerak Abenduaren 18an Iruñeko Nafarroa Arenan izango den finalerako sarrerak ere erosi ahal izango dira. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ekainaren-23an-jarriko-dituzte-salgai-bertsolari-txapelketa-nagusirako-sarrerak-1/@@download/image/image_preview.jpg
2022/06/17

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Abenduaren 18an Iruñeko Nafarroa Arenan izango den finalerako sarrerak ere erosi ahal izango dira.
Ekainaren 23an jarriko dituzte salgai Bertsolari Txapelketa Nagusirako sarrerak

Irailaren 24an hasiko da Bertsolari Txapelketa Nagusia Getxon eta abenduaren 18an amaituko da Iruñean. Antolaketa lanak aurreratuak ditu Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak eta datorren asteazkenean, hilaren 22an, emango du xehetasunen berri. 

Aurrez sarreren inguruko informazioa eman dute, ordea. Bertsozale Elkarteak aurreratu duenez, aurkezpenaren hurrengo egunean, ekainaren 23an, jarriko dira salgai Bertsolari Txapelketa Nagusiko sarrera guztiak, finalekoak barne. Goizeko bederatzietan hasiko da salmenta  www.bertsosarrerak.eus atarian. Txapelketa osoko saioetarako sarrerak eskuratu ahal izango dira, bazkide, ez-bazkide eta gazte salneurriak bereiziz. Gazteen sarrera 2004tik aurrera jaiotakoentzat izango da, urte horretakoak barne, eta sei urtetik beherako haurrek ez dute sarrerarik beharko eserlekurik bete ezean. Erosketa online egiteko zailtasunak dituztenei laguntza emango zaie Bertsozale Elkarteetan. 

Nafarroako Bertsozale Elkartean finalerako sarrera fisikoak eskudirutan erosteko aukera izango da ekainaren 23tik 30era, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara.  Gainerako saioetarako sarrerak fisikoki erosteko aukera ere izango da irailetik aurrera, agortzen ez badira. Aurrerago zehaztuko dituzte salmenta puntuak.

Erositako sarrerak ezingo dira aldatu eta ezta itzuli ere. Sarreren inguruko ohiko zalantzak hemen argitu ditu Bertsozale Elkarteak. 

Finalerako sarrerak eremuaren arabera antolatuta
Iruñeko Nafarroa Arenan izango da finala, eta hiru sarrera mota izango dira kokapenaren arabera: harmaila, errebotea eta pista. Sarrera mota guztiek salneurri bera dute, baina elkarren ondoan eseri nahi dutenek sarrera mota bera hartu beharko dute. Izan ere, sarrera mota bakoitzak sarbide jakina du, eta barrualdean ez da batekoak eta bestekoak elkartzeko modurik izango.

Bazkideek saio guztietarako sarrerak merkeago eskuratu ahal izango dituzte, eta ekainaren 23tik 30era bitarte, finalerako sarrera bermatuko zaie. Epea igarota, gainerako zaleen lehentasun bera izango dute finalerako sarrera eskuratzeko.