Ekainaren 18an abiatuko da Nafarroako Kultur programa

Ekainaren 18an abiatuko da Nafarroako Kultur programa Nafarroako 38 udalerritan musikaz, dantzaz eta bestelako jarduerez gozatu ahalko dute nafarrek zein bisitariek. Artisten artean izango dira Tenpora, Juan Mari Beltran, Anne Etchegoyen eta Trikidantz. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ekainaren-18an-abiatuko-da-nafarroako-kultur-programa/@@download/image/nafarroako kultur programa aurkezpena.jpg
2021/06/07

Maitane Legarreta Etxezarreta

@mailegetx

Nafarroako 38 udalerritan musikaz, dantzaz eta bestelako jarduerez gozatu ahalko dute nafarrek zein bisitariek. Artisten artean izango dira Tenpora, Juan Mari Beltran, Anne Etchegoyen eta Trikidantz.
Ekainaren 18an abiatuko da Nafarroako Kultur programa

Nafarroako Gobernuaren Kultura eta Kirol Sailaren programa bat da Kultur. Programa hori udaran gauzatzen da, Nafarroako hainbat udalerri eta leku interesgarritan, eta musika, dantza eta arte arloko era askotako jarduerak izaten dira ikusgai. Aurtengo edizioa ekainaren 18an abiatuko da eta irailaren 4an amaitu. Nafarroako bideari eta Donejakue bideari helduko dio, Xacobeo 2021-2022aren abaroan. Beraz, herritarrek zein bisitariek izango dute eskaintza kultural eta turistikoaz gozatzeko aukera. 

38 tokitatik igaroko da Kultur programa, tartean dira Tutera, Bera, Olazti, Uxue, Lekunberri, Altsasu, Zugarramurdi, Viana, Elizondo, Izaba, Orreaga eta Corella. Parte hartuko duten musikari eta artistak ere beste hainbeste izango dira, horietatik 28 nafarrak; Demode Quartet, Broken Brothers Brass Band, Hagoan, Basabi, Juan Mari Beltran, Anne Etchegoyen, Tenpora, Ana Alcaine, Trikidantz  eta Suakai izango dira horietako batzuk. 

Egitarauari hasiera Hogei Berriro taldeak emango dio hilaren 18an Beran. Txuma Flamarique nafar gitarrista ezagunaren proiektu berria da, Maite Txurruka, Ion Dorregarai eta Jon Uribeetxerekin batera osatu duena. Emanaldian Benito Lertxundi, Mikel Laboa, Hertzainak, Ruper Ordorika, Xabier Lete eta beste euskal artista klasiko batzuen lanak eskainiko dituzte. Azken emanaldiak irailaren 4an izango dira, Iruña Jazz Brass Band Tuteran eta  La Niña Hiloren kontzertua Artaxoan. Egitarau osoa hemen dago bildua. 

Arte plastikoek beren tokia izango dute, eta berritasunak ere badira: Bertizko Lorategi Botanikoan, Azken eguzkilorea izeneko historia sortzeko prozesuan murgiltzeko aukera izango da uztailaren 1etik abuztuaren 31ra. Gua-Mia-Bu artistaren pintura-lan digitalaren ibilbide osoa ikusi ahalko da, hasieratik obra hori nola sortzen den ezagutuz; leku, mito eta kondaira ederren ondare eta natur balioak islatzen ditu artelan digitalak.