Ekainaren 15ean egingo dute Andoaingo Rock Jaialdia

Ekainaren 15ean egingo dute Andoaingo Rock Jaialdia https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ekainaren-15ean-egingo-dute-andoaingo-rock-jaialdia/@@download/image/andoaingo_rock__1369298884.jpg
2013/05/23
berria
Seigarren urtez, rock doinuek hartuko dute Andoaingo Nafarroa plaza. Ekainaren 15ean, larunbata, The Understones eta Eilen Jewell bezalako talde bikainez gozatzeko aukera izango da 18:00etatik aurrera eta erabat doan.


Urtez urte nazioarteko rock talde bikainak hurbildu dira Andoainera, eta udaren atarian egiten duten jaialdiak ikusle andana erakartzea lortu du. Aurtengo Rock Jaialdiaren kartela ere ez da oharkabean pasa, eta ekainaren 15ean, larunbata, rockaren festa egingo dute herrian.

Izan ere, arratsaldeko 18:00etan hasita, The Undertones, Eilen Jewell, DM3, The Butteshakers, The See See eta Mushroom Caffeine taldeak igoko dira, banan bana, Nafarroa plazan jarriko duten eszenatokira. Ikus-entzuleek ez dute sarreragatik ordaindu behar izango, eta AEBetatik, Frantziatik eta Ingalaterratik etorritako rock taldeek beren onena entzunaraziko dute.

Rocka oinarri, folka, pop sicodelikoa eta power-pop-punk doinuak ez dira faltako, eta gaueko ordu txikiak arte luzatuko da festa. Aukera paregabea izango da talde bikain hauen zuzenekoak aurrez aurre bizitzeko.

Taldeak


The Understones
Derryko boskotea 1977an elkartu zen lehen aldiz, eta hiru hamarkada eta erdiko ibilbidean estilo propioa eratzea lortu dute; punka eta power-popa nahasten dituzte, eta 2011n Erresuma Batua, AEB eta Europa zeharkatu zituzten 35. urteurren biran. Zuzenekoetan ez dute kalitaterik galdu!

Eilen Jewell
Ohion jaio baino Bostonen bizi den folk, contry eta rock & roll musikariak izaera handiko kantak sortzen ditu, eta gitarraz eskainitako vintage doinuek aho zabalik utziko dituzte ikusleak.

DM3
Don Mariani sortzaile eta musikaria da taldearen ardatza, 30 urte baino gehiagoko ibilbidedun artista ondua. Hainbat proiekturen ostean, DM3 abiatu zuen 90. hamarkadan, eta indarrik galdu gabe dirau kontzertuak eskaintzen.

The Buttershakers
2007 hasieran, Lyongo hainbat banda batu eta The Buttershakers sortu zuten, Ciara Thompson karismatikoaren ahots beroa oinarri duen seikotea. Rythm and blues doinuak eskainiko dituzte Frantzia, Alemania, Suitza, Austria eta beste hainbat herrialde zeharkatu ostean Andoainen emango duten kontzertuan.

The See See
Londresko taldeak pop psikodelikoa du oinarri; 2010ean argitaratu zuten lehen albuma, sei kantaz osaturiko lehen maketaren edizioak agortu ostean, eta Suedia, AEB, Zeelanda Berria eta Erresuma Batutik etorritako seikoteak bigarren lana kalean du dagoeneko.

The Mushroom Caffeine
Andoaindar bateria eta gitarra bikoteak itxiko du jaialdia, auzotarrei beren doinu indartsu eta itsaskorrak eskainiz.