Ekainak 28: LGTBI Harrotasunaren Eguna

Gaurkoa gay, lesbiana, transexual eta bisexualen (LGTBI) harrotasunaren eguna da, eta sexu joera ororekiko errespetua aldarrikatzera irtengo dira kalera munduko hamaika herri eta hiritako herritarrak.
1969ko ekainaren 28an, New Yorkeko Stonewall Inn pubeko jazoeren ostean, askapen homosexualaren mugimendua abiatu zuten. 40 urte pasatxo igaro dira ordutik, eta egoerak hobera egin duen arren, lan asko dago oraindik egiteko sexu bereko pertsonen arteko harremanak legeztatu, haien eskubideak gainerako herritarrenekin parekatu eta egoera normalizatzeko. Izan ere, gay, lesbiana, transexual eta bisexualen komunitateek adierazi dutenez, haiekiko errespetua adieraztea, ezinbestekoa bada ere, ez da nahikoa egun, beronen atzean ezkutatzen diren jarrera homofoboek ez luketelako lekurik izan behar jendartean.
Honenbestez, manifestaldi, desfile, agerraldi, kontzertu eta denetariko jaiak egingo dituzte mundu osoan gaurkoan, eta leku askotan aste osoko ekitaldi zerrenda prestatu dute, hala nola, Londres, New York, San Francisco, Amsterdam, Toronto edota Mexiko Hirian.
Euskal Herrian ere izango da festa giroan andarrikapenak egiteko aukera. GEHITU elkarteak esaterako (Euskal Herriko lesbiana, gay, transexual eta bisexualen elkartea) egitarau zerrenda hau prestatu du egun hauetarako:
Ekainak 28- Harrotasun Manifestazioa Donostian
Ekainak 28 - Pregoia eta musika Eibarren
Ekainak 28 - Standa Irungo Festetan
Ekainak 29- Harrotasunaren Festa Donostiako Friends diskotekan
Ekainak 30 - Les Bascos-en Gaypridea Biarritzen
Ekainak 30- Multikolore Festa Donostiako La Farandulan
Ekainak 30- Jaia Eibarko Untzaga Plazan
Uztailak 1- Jugger erakustaldia Eibarko Untzaga Plazan
Uztailak 4- "Visibles" dokumentalaren aurkezpena Koldo Mitxelenan
Horrez gain, Euskal Herriko Bilgune Feministak, Bagara, bagaude, bagoaz izenburua duen ohar baten bidez, mobilizazioetara deitu du. Berria egunkariari emandako adierazpen hauetan, bilguneko kide de Irati Gonzalezen arabera "bada garaia diskurtso politikoa berreskuratzeko, LGTBI aktibistarik gabe, ospakizun soila litzateke".