Ekaina, harrotasunari eskainitako hilabetea

Ekaina, harrotasunari eskainitako hilabetea LGBT+ harrotasunak pertsona guztientzat espazio inklusiboak sortzea du helburu, edozein delarik ere euren identitate sexuala. Bereziki lesbiana, gay, bisexual eta transgenero pertsonen komunitatean fokuratzen bada ere, geroz eta ohikoagoa da maitasun eta aniztasun ospakizun hauetara pertsona heterosexualak ere batzea. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ekaina-harrotasunari-eskainitako-hilabetea/@@download/image/13662949_5311392.jpg
2023/06/12

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

LGBT+ harrotasunak pertsona guztientzat espazio inklusiboak sortzea du helburu, edozein delarik ere euren identitate sexuala. Bereziki lesbiana, gay, bisexual eta transgenero pertsonen komunitatean fokuratzen bada ere, geroz eta ohikoagoa da maitasun eta aniztasun ospakizun hauetara pertsona heterosexualak ere batzea.
Ekaina, harrotasunari eskainitako hilabetea

LGBT+ komunitatearen harrotasunaren jatorrietan murgildu aurretik azal dezagun akronimoen esanahia. LGBT+ akronimoak pertsona lesbianak, gayak, bisexual eta transgeneroak ordezkatzen ditu. Batzuetan luzatu egiten dira queer, intersexual edo asexualen identitateak ere txertatzeko. Litekeena da LGBTQIA bezala sekula ikustea.

Queer, asko laburututa, heterosexualak ez diren pertsona guztiak barne hartzeko erabiltzen den terminoa da. Intersexual berriz, euren sexua guztiz definitua ez duten pertsonak izendatzeko erabiltzen da. Azkenik, asexual hitza erakarpen sexuala esperimentatzen ez duten pertsonak deskribatzeko erabiltzen da. 

Identitate ezberdin hauetan, genero jariakorreko pertsonak ere gehitzea garrantzitsua da. Pertsona hauen genero identitatea denborarekin edo momentuko egoerarekin aldatu dezakete. 

LGBT+ akornimoak zer ordezkatzen duen argi dugunez, joan gaitezen 1969. urtera. Garai hartan New Yorkeko Stonewall Inn taberna gayra indarrez sartu zen polizia. Atxiloketei erresistentzia erakutsi zieten betan zeuden bezeroek eta hiru egun iraun zituen iskanbilak eragin zituen. Liskar hauek Stonwall-eko iskanbilak bezala ezagutzen dira eta pertsona homosexualen eskubideen borrokan inflexio puntua izan ziren. 

Stonewall-eko iskanbilen ostean gayen aldeko hainbat erakunde sortu ziren inspirazio moduan eskubide zibilen mugimendua eta mugimendu feminista hartuta. Erakunde hauek protesta ugari burutu zituzten eta garaiko agintari politikoekin elkartu ziren. Urtebete geroago, Estatu Batuetan gay harrotasunaren lehengo martxak antolatu ziren, berdintasuna eta aniztasun sexualaren errekonozimendua bilatzen zituen mugimenduari hasiera emanez. 

Stonewall-eko iskanbilen lehen urteurrenaren ohoretan, Brenda Howard aktibista bisexualak New Yorken harrotasunaren lehen desfilea antolatu zuen. 

LGBT+ harrotasunaren sinboloa ostadar bandera da. Harvey Milk, San Frantzisko hiriko funtzionarioak Gilbert Baker artistari enkargatu zion banderaren diseinua, hurrengo urteetako harrotasun ospakizunetarako. Baker, eskubide homosexualen aldeko aktibista nabarmena zen. Ortzadarraren koloreak izan zituen inspirazio iturri LGBT+ kolektiboko askotariko taldeak ordezkatzeko. 
Urteen poderioz, bandera gehigarriak sortu dira bestelako sexualitateak LGBT+ kolektiboaren barruan txertatzeko, horren adibide ditugu bandera bisexuala, pansexuala edota asexuala, besteak beste. Bandera hauek esperientzien aniztasuna eta askotariko sexualitateak ikusgarri bilakatu nahi dituzte. 

Egun, LGBT+ harrotasuna mundu zabalean ospatzen da ekainean zehar. Batasun, berdintasun eta errespetu sinbolo bilakatu da mugimendua. Desfile koloretsuak eta festa giroa borrokaren manifestazioa dira, gogoratuz oraindik asko dagoela borrokatzeko pertsona hauen eskubideen alde. 

Beraz, ekain honetan zehar, presta zaitez LGBT+ harrotasuna ospatzeko. Aniztasuna ospatzeko momentu paregabea da, gogoratuz pertsona orok merezi dugula maitasuna eta errespetua.