Ekai Txapartegi: “Gero eta arduragabeagoak gara”

Ekai Txapartegi: “Gero eta arduragabeagoak gara” https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ekai-txapartegi-gero-eta-arduragabeagoak-gara/@@download/image/81p28Ekai1.jpg
2008/01/04
elkarrizketa
Testua: Leire Ventas. Argazkiak: Orus Villacorta
Ekai Txapartegi: “Gero eta arduragabeagoak gara”
Gazte gehientsuenentzat, aurpegi ezezaguna da Ekai Txapartegirena. Hala ere, esateko asko du 31 urteko filosofo zarauztar honek. 2005ean Desobedientziaz ibiltzen izeneko liburua kaleratu zuen Txalaparta argitaletxearekin, eta ondoren, Kaliforniara abiatu zen, Berkeleyko unibertsitatera, doktoretza ondorengo beka bati esker filosofia ikasketak jarraitzera. Gaur egun, Mexiko DF-ko UNAM unibertsitatean ari da Ekai. Ikerketan. Filosofian. Pentsatzen. Hantxe elkarrizketatu dugu.

Berkeleyko unibertsitate ospetsuan egon zinen lehendabizi, eta orain, Mexiko DFko UNAMen. Euskal Herritik kanpora joan behar da derrigorrez curriculuma egitera?
Kontua da irakaskuntza munduan Euskal Herrian ez dela lanposturik sortzen; filosofia arloan ez, behitzat. Eta hortik bizi nahi baduzu, ikerketa egitera behartuta zaudela. Baina ikerlari postu bat lortzeko, atzerriko unibertsitateetan ibili izana eskatzen dizute: unibertsitate onetan ibili izana eta curriculum ona izatea eskatzen dute.

“Unibertsitate onak”, esan duzu. Munduko hamar onenen artean omen dago Berkeley. Zu han izan zinen.

Horrek zerikusia dauka Eusko Jaurlaritzak egindako apustuarekin. Euskal Herria gizarte industriala da, baina izaera industrial horretara mugatuz gero atzean geratuko dela ikusita, ezagutzaren gizarte batera salto egiteko pausoak ematen ari da, Europako gainontzeko herriak bezala. Eusko Jaurlaritzak garai batean dena produkziorako inbertitzen zuen, baina, gaur egun, zientziarako bideratzen ari da diru asko: ikerketarako, teknologia berria sortzeko… Beraz, diru gehiago bideratzen dute gu bezalako ikerlariontzat, kanpoan forma gaitezen. Eta dirua badago, nora joatea aukeratuko duzu? Unibertsitate arrunt batera ala on batera?

Galdera tontoa, hara!

Puntakora joango zara, beraz. Ni Berkeleyra joan nintzen; ikertzen ari nintzen alorrean, han zeudelako nik gehien irakurtzen nituen filosofoak. Elikatzera joan nintzen Berkeleyra; esponja moduan, ahal nuen gehiena xurgatzera. Eta UNAMera ere helburu berarekin etorri naiz. Berkeley munduko hamar unibertsitate onenen artean omen dago, eta haien artean, publikoa den bakarra da. UNAM ere unibertsitate publikoa da, eta munduko ehun onenen artean sailkatu izan dute.

Eta munduko ehun unibertsitate onenen artean, Latinoamerikako bakarra da UNAM.

Niretzat, ohorea da horrelako leku batean egotea. Izan ere, UNAM da Mexikon funtzio sozial handiena betetzen duen erakundea. UNAM eskola publikoa da, eta titulu bat ematen die milaka laguni. Ondorioz, milaka familiak esperantza handia daukate unibertsitate honetan, seme-alabei gurasoek lor ezin ditzaketen lanpostuetarako bidea zabaltzen dielako unibertsitateak. Bestalde, UNAMek izen ona irabazi du, ez egiten duen lan sozialarengatik bakarrik, baita alde akademikoarengatik ere. Bi alderdi horiek uztartzen jakin du.

[Mexiko DF munduko hiri handi eta jendetsuenetako bat da. Ez da harritzekoa, beraz, UNAMen campusa ere erraldoia izatea. Adibide bat emango dizuegu campusaren tamainaz jabe zaitezten: aurreko sei-hilekoan Ekai Filosofia Fakultatean aritu zen, eta gaur egun, Ikerketa Filosofikoen Institutuan. Batetik bestera joateko, ordu laurdeneko bidea egin dugu taxian, Volkswagen labezomorro berdean]

Zure curriculuma osatzeko, ikerketa artikuluak argitaratzen dituzu aldizkari garrantzitsuetan. Adibidez, software libreei buruzko artikulu bat idatzi berri duzu: software libreak, gizarte kontrola, askatasuna, erresistentzia zibila… Buruari asko eragiten diozu kontu horiekin?
Alde batetik, hori dut ogibide: filosofia irakurtzea eta filosofiaz idaztea. Eta bestetik, pribilegioa ere bada niretzat, horixe gustatzen baitzait. Hortaz, askatasunari buruz pentsatzen dut, adibidez. Horrek askatasunari buruz hitz egiten ari naizenean zer esaten ari naizen edo zer eskatzen ari naizen jakiten laguntzen dit. Teknologia berriei dagokienez, nik haiekin nolako harremana daukadan jakin behar dut, teknologia horiek nola ikusi nahiko nituzkeen definitzeko. Nork bere lekua topatu behar du. Eta horretarako pentsatu egin behar da. Ni pentsatzearen apologista naiz. Pentsatzea osasuntsua da, ona.

Gutxi pentsatzen dugu?

Bai. Gero eta ardura gehiago uzten ditugu erakundeen esku: alderdi politikoen esku, estatuaren esku, unibertsitatearen esku… Gero eta arduragabeagoak gara, gero eta ardura gehiago delegatzen ditugulako. Ideien inguruan ere beste hainbeste gertatzen zaigu: ez dugu arduradun izan beharrik sentitzen, eta hori deshumanizazioa iruditzen zait. Nire ustez, gizabanakoak ahalik eta arduradunena izan behar du, eta horretarako, ahalik eta ideia onenak izan behar ditu. Ideia guztiek ez dute berdin balio, batzuk besteak baina hobeak baitira, eta horretarako pentsatu egin behar da.

Eta “filosofo” hitza ez zaizu potolo samarra iruditzen?

Hori jende askok esaten dit: “Nola sinatzen dituzue zuen artikuluak? Filosofo gisa?”. Txillardegik ere esan zidan: “Jope, gu bizitza osoan pentsatzen, eta gazte hauek, filosofo”.  Badago filosofoaren zentzu akademiko bat: titulu bat lortu duzu, eta horren arabera, filosofoa zara. Nik zentzu horretan erabiltzen dut.

Bada beste modu batera ulertzen duena ere…

Bai, Fernando Savater bat, adibidez. Baina Savater ez da existitzen filosofoen artean, mediatikoki existitzen da, eta horregatik, bere liburuak irakurri behar izaten dira irakaskuntza munduan. Hala ere, filosofoen artean, inork ez du Savater baloratzen. Inoiz ez dut bera eta bere teoriak aipatzen dituen filosoforik irakurri.

Juizio ideologikoetatik aparte ari zara, ezta?

Bai. Eta hori da arazoa: Savater gehiago dela ideologoa edo unionismoaren bozeramaile ofiziala, filosofoa baino. Berak filosofiari eman diona hutsaren hurrengoa da. Alde horretatik ez du filosofo funtzioa betetzen, ez da filosofoa. Horregatik, asko kezkatzen nau filosofoaren figuraren kontu horrek. Hau da, Euskal Herrian galdetuz gero zein den filosofoa, jende askok “Fernando Savater” erantzungo luke. Savater pop filosofia da, ordea.

Beste kontu batzuk. Güero izateak, azal zurikoa izateak alegia, bizitza erraztu dizu Mexikon?

Mexikoko gizartea bitan dago bereizita oraindik: güeroak eta nakoak (hitz gutxitan esateko, azal zuridunak eta beltzaranak). Baina hori testuinguruaren arabera aldatzen da. Ni, hemen, campusean, güeroa izan naiteke. Hala ere, Polanco izeneko auzora banoa, han gauza aldatu egingo da. Mexiko DFko auzo esklusiboenetako bat da Polanco; enbaxadak, bulegoak, eta taberna, jatetxe eta hotelik modernoenak dituena. Han nakoa banintz bezala tratatuko naute, ez naizelako aberatsa.

Izan zara Polacon?

Ez, ez.

Bada, ziur asko, han ere güero bezala tratatuko zaituzte. Euskaldunak VIP baitira han ere.

(Barreak). Hori da. Normalean Mexikon edozein jatetxetara edo diskotekatara sartuz gero, erraztasunak izaten ditugu gure azalaren kolore hutsarengatik. Horrek bi gauza erakusten ditu. Batetik, gizarte honek ez duela oraindik arrazismo maila hori gainditu. Bestetik, nakoek ez dutela euren burua besteen maila berean ikusten; ez direla ausartzen “nako” esaten dietenei “arrazista zikina” erantzutera, burua makurtzen dutela.

Mexikon azala zuritzeko kremak supermerkatuetan ere saltzen dituzte. Eta iragarkietarako, europar itxura duten modeloak erabiltzen dituzte...

Nik uste dut horretan merkatuak agintzen duela. Ziur nago Coca Cola edo Nestle ez direla, berez, arrazistak. Baina zera gertatzen da: nako bat jartzen badute, produktua gutxiago salduko dutela. Arazoa ideologian dago: güeroak arrazistak dira, eta nakoek ez dute euren burua besteena adina ikusten. Garai batean euskaldunoi “kaxero” esaten ziguten bezala, mexikarrei “nako” esaten diete. Guk gainditu egin genuen, baina mexikarrek, ez.

Euskalduna zarela diozunean, zer ulertzen dute mexikarrek? Nolako ikuspuntua dute Mexikon abertzaletasunaz?

Nik beti esaten dut euskalduna naizela. Eta esaten badidate “Ah! español, ¿no?”, nik “Sí, eso dicen ellos” erantzuten diet. Horrekin argi geratzen da haiek gu espainiarren begietatik ikusten gaituztela, eta gure begietatik ikusteko interesa sortzen zaie. Orduan hasten dira gu euskaldun bezala tratatzen. Izan ere, jendeari berdin zaio gu euskaldunak ala espainiarrak garen. Batzuei luxua iruditzen zaie identitatearen kontu hori.

Lehen Munduko kezka, alegia.

Baina nik beti esaten diet justu nork bere burua errespetatzearen kontu horrekin zuzen-zuzenean lotuta dagoela. Desberdintasunak ez dira aldatuko ideologia aldatu arte. Euren jatorria eta identitatea baloratzen hasten ez diren arte, eurak zapaltzen uzten jarraituko dute. Hemengo abertzaletasuna, bai indigena, bai mexikarra, indartzen ez den bitartean, güeroek eta Europako moldeak agintzen jarraituko dute. Arazo sozialaren atzean identitate arazoa ikusten dut nik.

Euskal Herrira bueltatzeko konpromisoa sentitzen duzu zuk?

Bai. Euskal Herrira bueltatu nahi dut hangoa naizelako, eta nire burua ez dudalako beste inon ikusten. Euskal Herrian bizitzeko kanpora joan behar izan dut, baina beti ere bueltatzeko asmo horrekin.

Zein da, beraz, Euskal Herriarekiko zure konpromisoa?

Zerk naraman Euskal Herrira… Lehenik, amak bestela akabatu egingo nauelako!

Galdera hori egin dizut zure liburua argitaratu zenuenean aipatutako zerbaiti helduko zeniola pentsatuta.


[Ekai Txapartegiren lehen desobedientzia ekintza intsumiso egin zenekoa izan zen. Beste zenbait lagunekin batera, A8 autobidea itxi zuen euskal presoen sakabanaketa politika salatzeko. Eta bide horretan jarraitu zuen gerora ere: Espainiak Berlinen duen enbaxadan kateatu zen Europako Konstituzioan euskal nazioa ezagutu zezaten eskatzeko. 2005ean Ekai Txapartegik Desobedientziaz ibiltzen liburua argitaratu zuen. Bertan, ekintzaile zeneko esperientzietatik abiatuta, desobedientzia zibilaren gogoeta teorikoa egiten zuen]

Orduan zuk esan zenuen: “Helburua ez da desobeditzea, desobedientziaren aldekoak sortzea baizik”. Ideia horrekin jarraituko zenuelakoan nengoen. Horrexegatik bueltatu nahi zenuela Euskal Herrira, alegia.
Liburu hori idatzi nuenetik, ordea, Euskal Herriko politikan lurrikara txiki bat izan da: ETAren su etena, negoziazio prozesua eta abar. Garai berri honetan borroka armatuaren fasea nola itxi gaude, eta beraz, lehentasunak beste batzuk dira. Ez dut ikusi desobedientzia zibilaren inguruan interesik. Lehentasuna, abertzaleen ikuspegitik, gatazka armatuaren fasearen bukaera diseinatzea da, euskal nazioaren izaera eta erabakimena jasoko duena. Hori ez bada lortzen, ziur aski, jendea desobedientzia zibilaz hitz egiten hasiko da. Eta lortzen bada, desobedientziaren aukera itxita geratuko da. Ez dakit…

[Grabagailuaren erlojuan hamar bat minutu igaro dira. Ekai Txapartegi pentsakor geratu da, bere filosofo buru horretan erantzunik txukunenaren bila].

Hau burukomina!
Bai [Barreak]. Hiru urte daramatzat Euskal Herritik kanpora, eta egia esan, ez nabil dinamika politikoaren egunerokotasunean sartuta. Horregatik ezin dut desobedientzia zibila orain nola dagoen esan.

Gaur egun ere autobia moztuko zenuke?

Desobedientzia zibilaren azterketa teorikoa egin nuen nik, gure praktika intsumisoetan oinarrituta. Dena dela, Euskal Herriko askatasunaren aldeko estrategia egokiena zein den erabakitzea ez dagokit niri. Gainera, dagoeneko, hiru urte daramatzat Euskal Herritik kanpora, eta urteotan gauza asko gertatu dira han. Horregatik, gutxi balio du nire iritziak. Hala ere, zure galderari erantzunez, Euskal Herria askatzeko bada, irekitzen den edozein estrategiatan han ariko naiz lanean. Tristea da, baina Espainiako Konstituzioak argi eta garbi esaten du: “Borroka da bide bakarra”.

Mexikok ere gizarte mugimendu asko du. Euskal Herriarekin antzik ikusten diozu?

UNAMen bertan, adibidez. UNAM oso bizia da. Gazteak merkaturako formatzen ditu, baina izugarrizko kontzientzia ematen die. Milaka eta milaka ikasle etortzen dira hona titulu baten esperantzan, eta kontzientzia batekin ere irteten dira. Baita antolatuta ere. Izan ere, kultura maila jakin bat jasotzean, konturatu egiten zara hemengo desberdintasun sozialak ezin direla inola ere justifikatu. Ez dago beste batek baina hiru mila aldiz gehiago balio duen lanbiderik, baina bai, ordea, hiru mila aldiz altuagoak diren soldatak. Ezberdintasun horiek ezin dira inondik inora justifikatu.

txapartegiren kuttunak



Musika: Mikel Laboa.
Literatura: Joxe Azurmendi.
Komikigilea: Zaldieroa.
Ordurik gogokoena: Gaueko ordubata.
Euskal Herriko paisaia: Zumaiako Itzurun gaina.
Egunerokotasunerako asmakizunik onena: Internet.
Errepikatzen zaizun ametsa: Neskato bat eserita negarrez, eta ni ezkutuan ezer egin ezinda.
Umetako beldurra: Uretan itotzea.
Erregimen politiko ideala: Baneki, edo balego...
Politikari txukunena: Hugo Chavez.
Ezagutu nahi zenukeen norbait: Platon.
Harro sentiarazten zaituen zerbait: Garazi (iloba jaioberria).