EITBren parte-hartzea duten filmei buruzkoak webgunean bilduta

EITBk hainbat film eta dokumentaletan parte hartzen du urtero eta hemendik aurrera EITB euskal zinemarekin bat ekimenak erakusleiho propioa izango du eitb.eus webgunean. Bertan azken bi urteetako ekoizpenei buruzko informazioa kontsultatu daiteke.
Atal horretan agertzen direnen artean daude laster estreinatuko diren honako lan hauek: Zinemaldiko sail ofizialean lehiatuko den Iciar Bollainen Maixabel filma, Maixabel Lasaren bizipenen ingurukoa; Nora, iaz Donostiako jaialdian aurkeztu eta irailaren 3an zinema aretoetan estreinatuko den Lara Izagirreren bigarren film luzea; Helena Bengoetxearen Matrioskas, las niñas de la guerra dokumentala; eta Ibon Cormenzanaren La cima.
Horiez gain, aurreko urteetako filmak ere badira, hala nola, Pablo Agueroren Akelarre, David Perez Sañudoren Ane, Mireia Gabilondoren Erlauntza, eta Enrique Villareal eta Berri Txarrak taldearen inguruko El Drogas eta Dardara dokumentalak.
EITB Zinemarekin bat atalean ikus-entzunezko lan horien eta beste zenbaiten fitxak jaso dituzte honako datuekin: zuzendaria, aktore nagusiak, ekoiztetxea, generoa eta estreinaldi eguna. Horrekin batera, sinopsia eta zenbait kasutan trailerra ere ikusgai daude. Era berean, film bakoitzarekin lotutako albisteak eta zuzendariei egindako elkarrizketak topa daitezke. Gunea elikatzen jarraituko dute etorkizunean ere eta eduki berriak eta EITBren parte-hartzea izango duten etorkizuneko ekoizpenak gehituko dituzte.