EITBk ziberjazarpenaren inguruko kanpaina jarri du martxan

Atzo abiatu zuen #EKIN_etenZiberbullinga kanpaina EITBk eta aste osoan zehar landuko du gaia hedabideko hainbat saiotan. Kanpainaren inguruko eduki guztiak bilduko dituen webgunea ere prestatu dute. Adituek ohartarazi dutenez, gazteen %70ak ziberjazarpen motaren bat jasan izan du eta, hori dela eta, kanpaina honen bidez, "euskal gizartea kezkatzen eta eragiten duten arazoetan arreta jarri, eta haien aurrean ekiteko beharra" azpimarratu nahi dute, "gizartea eraldatu eta hobetzeko".
Batetik, #martyhilda Txekiako webserie arrakastatsuaren emanaldiekin hasi berri dira. Ustekabean hil den hamabost urteko Marty gaztearen istorioa kontatzen du telesailak: "Zendu aurretik grabatutako bideo beldurgarri sorta bat besterik ez du utzi atzean. Minak atsekabetuta, Martyren aita semearen online bizitzaren zati ikaragarriak berreraikitzen saiatuko da, bere amaiera tragikoaren nondik norakoak argitzeko. Semearen Facebook kontuan sartzea lortu ondoren, 'Good-looking girls' izeneko profilarekin mezuak eta bideoak trukatzen denbora luzea zeramala jakingo du". Kritikak goraipatu egin du Pavel Soukupek zuzendutako webseriea eta iaz atal laburren serie onenaren Emmy International saria jaso zuen. Benetako ziberbulling kasuetan inspiratuta dago, nerabeekin aritzen diren psikologoen, zibersegurtasuneko adituen eta arazoari aurre egiten aritzen diren beste profesional batzuen esperientzietan oinarrituta.
Webserieak hamar minutu inguruko zortzi atal ditu eta egunero atal bat ikusi ahal izango da, 15:30ean, eitb.eus-eko webgunean. Atal bakoitza EITB Nahieranen eta EITBren Youtubeko kanalean ere egongo da ikusgai. Igandean, martxoak 27, telesaila osorik eskainiko dute ETB1en, 21:30etik aurrera. Emanaldiaren ondoren, Xabier Madariagak #martyhilda: fikzioa edo errealitatea? saioa aurkeztuko du. Bertan, ziberbulling kasu errealak eta testigantzak bilduko dituzte, eta baita adituen iritziak ere.
Bestetik, Ur Handitan saioak matxismoa eta sare sozialak izango ditu hizpide gaurko saioan. Horretaz gain, elkarrizketa eta eduki bereziak landuko dituzte aste osoan zehar albistegietan, eta Biba Zuek! zein ETB2ko zenbait saiotan. Gainera, Euskadi Irratiak, Gazteak eta beste irrati batzuk ere gaia jorratuko dute hainbat saiotan.
Bideo didaktikoak telesailetako aktoreekin
Kanpainari buruzko webguneak Go!azen eta Irabazi Arte! telesailetako aktore protagonistek egindako hogei bideo didaktiko eskainiko ditu, gaiaren inguruko aholku eta informazioarekin. "Ziberbullingaren arriskua zenbaterainokoa den eta arazoa lehenbailehen identifikatu eta aurre egiteko beharra" nabarmenduko dute Aitziber Errazkin, Ander Lacalle, Ainhoa Larrañaga, Ainhoa Azpitarte eta Itziar Urretabizkaiak, besteak beste.
Gazteei zuzendutako bideoak dira, baina senide eta irakasleengana heltzeko helburua ere badute, familietan eta ikasgeletan arazoa lantzen laguntzeko. Bideoak Youtubeko kanalean ere ikusi ahal izango dira.
Halaber, webguneak EITBko hedabideetan ziberbullingari buruz sortzen diren eduki berezi guztiak bilduko ditu, eta sare sozialetan gai nabarmenenak zabaldu eta landuko dira #martyhilda eta #EKIN_etenZiberbullinga traolen bidez.