EITB-k Youtuben estreinatu du nazioarteko telebista kanala

EITB Basque izeneko nazioarteko telebista kanala Youtuben jarri dute martxan. Kanal hau satelite bidez, Amerikako kable operadore garrantzitsuenen emisioetan zein eitb.eus webgunean ikus daiteke, eta aurrerantzean baita plataforma ezagunean ere. Estrategia honen helburu nagusia telebista kanalaren "edukien irisgarritasuna eta sarbidea erraztea" da. Nazioarteko ikus-entzuleei eta euskal diasporari zuzendua dago batik bat.
EITB Basque Canal Vasco-ren oinordekoa da, genero ezberdinetako saioak eskaintzen dituena gaztelaniaz zein euskaraz, euskarazkoak gutxiago diren arren. ETB 1 eta ETB 2 kanaletako informazio eta gaurkotasun gaiak lantzen dituzten albistegiak eta magazinak igortzen dira. Horretaz gain, EITBko saio ezagunenak ere izaten dira ikusgai, hala nola Ur handitan, Barre Librea eta El conquistador del Caribe. Kirol emanaldi, kultura eta bidaia saioek ere badute tokia kanalean.
Youtubeko bideo plataforma 2005ean sortu zen eta EITBk lau urte geroago sortu zuen bere kanala bertan, gaur egun 670.000 harpidedunetik gora dituena. Telebistako eduki arrakastatsuenen bideoak igotzen dituzte euren kontuan. EITBkoaz gain, Gazteak eta 3 klubak ere kanal bana dituzte YouTuben, publiko gazteagoari zuzendutakoak.