Eire, Akaleia, Bengo, Intza eta Janus Lester izango dira Zornotza Musikagaz Fest-en
Zornotza Musikagaz Fest! 2024 jaialdiaren bigarren edizioa izango da bihar bertako hainbat gunetan: pilotalekuan, Zelaietako kontzertu gelan eta herriko tabernetan. Euskarazko musika egiten duten talentu berrientzako erakusleiho izan nahi du jaialdiak. Emakumeen parte-hartzeari ere ematen diote garrantzia, eta gutxienez %40 izatea ziurtatzen dute, musikan zein kudeaketa lanetan. Euskararen eta kontsumo arduratsuaren aldeko apustua ere egiten dute.
Durangoko Azokak ere badu zerikusia, jaialdian aurkezten diren talde eta bakarlariak Durangoko Azokan izena eman dutenen artean aukeratzen baitira nagusiki, Musika Bulegoak eta Gerediaga Elkarteak DA! PRO ekimenaren bidez antolatutako lankidetza tarteko. Tabernetan ariko diren taldeak ere Durangoko Azokatik datoz, baina hauek Zornotzako Gazteak elkarteak aukeratzen ditu.
Aurten hamabi taldek hartuko dute parte, eguerdiko ordu batean hasita: Nahiez, Ganibet, Akaleia, Eire, Zilibito Records, Sistemak Arriskutsuak dira (S.A.D.), Intza, Ameba, Lotu, Janus Lester, Lilo eta Bengo.
Horretaz gain, Pary&Tiza DJek girotutako bazkari herrikoi bat ere izango da. Bazkarira joan nahi duten herritarrek aldez aurretik erosi beharko dituzte txartelak Urtza edo Tomasa tabernetan, bost euroan.

