Eider Rodriguez, Lander Garro, Irati Goikoetxea eta Kirmen Uriberen liburuak 111 Akademiaren Saria irabazteko bigarren bozketara igaro dira

Eider Rodriguez, Lander Garro, Irati Goikoetxea eta Kirmen Uriberen liburuak 111 Akademiaren Saria irabazteko bigarren bozketara igaro dira Juan Kruz Igerabide, Itxaro Borda, eta Alberto Ladron Aranaren lanak ere sarirako hautagai dira. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/eider-rodriguez-lander-garro-irati-goikoetxea-eta-kirmen-uriberen-liburuak-111-akademiako-saria-irabazteko-bigarren-bozketara-igaro-dira/@@download/image/collage argazki.png
2022/03/18

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Juan Kruz Igerabide, Itxaro Borda, eta Alberto Ladron Aranaren lanak ere sarirako hautagai dira.
Eider Rodriguez, Lander Garro, Irati Goikoetxea eta Kirmen Uriberen liburuak 111 Akademiaren Saria irabazteko bigarren bozketara igaro dira

111 Akademiaren Saria erabakitzeko lehen bozketa urtarrilaren erditik otsailaren 27ra arte izan da martxan, eta akademiak bigarren txandara igaro diren liburuak zeintzuk diren jakinarazi du. Honako hauek jaso dute botorik gehien: Juan Kruz Igerabideren Doneaneko alaba, Eider Rodriguezen Eraikuntzarako materiala, Itxaro Bordaren Euri zitalari esker, Lander Garroren Faith, Irati Goikoetxearen Herriak ez du barkatuko, Kirmen Uriberen Izurdeen aurreko bizitza, eta Alberto Ladron Aranaren Mendekuaren hazia

Lehenengo txandan Eider Rodriguezen Eraikuntzarako materiala eta Alberto Ladron Aranaren Mendekuaren hazia izan dira lanik bozkatuenak, baina ez batak ez besteak ez du lehenengo txandan saridun izendatzeko behar den botoen %30 lortu. Hori dela eta, 111 Akademiaren arautegia jarraituz, boto gehien jaso duten bost obrak pasatu behar ziren bigarren bozketa txandara; hau da, aipatutako biak eta boto gehien jasotako hurrengo hirurak. Baina Rodriguezen eta Ladron Aranaren lanen atzetik bost liburu zeuden boto kopuru berarekin eta, beraz, berdinketa hori apurtzerik ez zegoenez, aurten zazpi lan pasatu dira bigarren bozketa txandara.

Martxoaren 27a baino lehen bidali beharko dute akademiakideek zazpi liburu horietako baten aldeko botoa, irakurleen iazko libururik gogokoena izendatu eta hari saria emateko bidean. Bigarren bueltan libururen batek jasotako botoen %40 lortuz gero, 111 Akademiak huraxe izendatuko du saridun. Kopuru horretara iristen den lanik ez badago, berriz, bi bozkatuenak finalera pasako dira. 

2020an argitaraturako liburu gogokoenari dagokion saria Pello Lizarraldek irabazi zuen Argiantza nobelagatik.