Eider Rodriguez: Katemea bakardadeari begira

Eider Rodriguez: Katemea bakardadeari begira https://www.gaztezulo.eus/albisteak/eider-rodriguez-katemea-bakardadeari-begira/@@download/image/eider_rodriguez_1371207852.jpg
2010/09/03
erreportajea
Testua: Gari Berasaluze
Uda sasoi aproposa izaten da urtean zehar apaletan pilatzen joandako tentazioen orrialdeak zabaldu, eta lasai irakurri nahi diren liburu horiei heltzeko. Horrelakoetan, noizbait eman nahi izan ditugun musuekin bezala gertatzen da.

Eman eta gero ohartzen gara zer galdu genuen ematera ausartu gabeko garaietan. Zenbait muga zenbat eta lehenago zeharkatu, eguzkia orduan eta azkarrago hedatzen baita geografia emozionalaren bazterretara.

Antzeko zerbait gertatu zaigu Eider Rodriguezen (Orereta, 1977) hirugarren liburuarekin. Lehenago heldu ez izanaren damua sortu zaigu, eta narrazioetan barrena aurrera egin ahala ohartu gara apaletan zain zeuden orrialdeek gordetzen zuten distiraz. Izan ere, aurreko bi liburuetako Eider Rodriguez aurkituko du irakurleak hirugarren honetan ere, baina oraingoan harremanen, desiraren eta komunikazioaren hariei estuago helduta.

Eta handik gutxira gaur (Susa, 2004) zein Haragia (Susa, 2008) narrazio liburuak ezagutzen dituen irakurleari ez zaio arrotza egingo zazpi ipuin biltzen dituen hirugarren lan honen idazkera, estiloa eta freskotasuna, baina aurkituko du alderik aurrekoekin. Forma eta esperimentazioa bigarren mailan utzita, besteekiko harremanen eta desiraren inguruko narrazioak gailentzen dira oraingoan, bere horretan, protagonismoa istorioek beraiek hartuta, bakardadeari ihes egiteko beharrari autopsia zehatza eginez.

Publizitatean lizentziatua da Eider Rodriguez. Liburuaren nondik norakoak, aurkezpenekoak eta hedabideetan liburuaren inguruan esandakoak irakurrita, kosta egiten da amuari ez heltzea. Heldu ondoren, berriz, zaila da ihes egitea. Iragarritakoa eta askoz gehiago aurkituko baitu irakurleak.

Bibliografia hautatua


• Eta handik gutxira gaur (Susa, 2004).
• Haragia (Susa, 2008).
• Katu jendea (Elkar, 2010).