Eibar bigarren mailara igo da

Eibar bigarren mailara igo da https://www.gaztezulo.eus/albisteak/eibar-bigarren-mailara-igo-da/@@download/image/eibarreko_zalea_1372663823.jpg
2013/07/01
berria
Lau urtez bigarren B mailan egon ostean eta denboraldi bikaina burututa, L’Hospitaleten aurka atzo lortutako garaipenari esker, bigarren mailara igotzea lortu du S.D. Eibar futbol taldeak; merezitako lorpena!


2004-2005 denboraldian lehen mailara igotzeko merituak egin bazituen ere, eta urte luzez bigarren eta bigarren B mailen artean aritu ostean, 2008-2009 denboraldian hondoa jo zuen Eibarrek, eta liga 21. postuan amaituta, bigarren B mailara jaitsi zen. Lau urte egin ditu beheko mailan, indarrak hartu eta aurtengoan berriz ere gora egitea lortu duen arte.

Hain zuzen, L’Hospitalet talde kataluniarrari esker eman du pausua. Joanekoan 3-0 irabazi zuten gipuzkoarrek Ipuruan, eta atzo 0-1ekoa nahikoa izan zitzaien igoera eskuratzeko. Kataluniarrak indartsu hasi baziren ere, ez zuten golik egiterik lortu, eta bigarren zatian eibartarrek izan zuten norgehiagokaren kontrola. Azkenik, 90. minutuan Capak egindako golari esker, erronka gainditu eta dagokien kategoriara igotzea lortu dute Gaizka Garitanoren mutilek.

Ikusleen artean, gipuzkoarren jarraitzaileak izan ziren nagusi, eta jokalariek nabaritu zuten haien babesa. Datorren denboraldian ere topera beteko dute Ipurua. Zorionak mutilak!