EHZ, sekula baino ozenago

EHZ, sekula baino ozenago https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ehz-sekula-baino-ozenago/@@download/image/ehz_01_1399274006.jpg
2014/05/05
erreportajea
Testua: Saioa Baleztena. Argazkiak: EHZ Festibala
Ekainaren 27tik 29ra egingo dute Lekornen Euskal Herria Zuzenean jaialdiaren XIX. edizioa. Urtetik urtera ezarritako erronkak betez, mugak hautsi eta Euskal Herritik kanpora zabaldu nahi izan du aurten erreferentziazko jaialdi bilakatu den EHZk.


Iaz auzolanaren inguruko jaialdia eraiki bazuten, aurten herri zapalduak izango dira festibalaren ardatz nagusia. "EHZ Euskal Herrian kokatzen da, eta Euskal Herria, era berean, mundu zabalaren parte da", oroitarazi du Eneko Etxegaraik, EHZko presidenteak; "horregatik, beste herrietan gertatzen dena ekarri nahi izan dugu jaialdira". Kataluniako testuinguru politikoa, Eskoziako erreferenduma eta Irlanda nahiz Quebeceko errealitateetatik abiatuta, Hego Euskal Herrian zabaldu den Estatutu berriaren inguruko eztabaida ahantzi gabe, eraiki dute aurtengo festibalaren muina.

2013ko uztailean, jaialdiko ajea pasa bezain azkar hasi ziren, urtero bezala, edizio berria prestatzen. "Lehen hilabeteetan erabakitzen dugu hurrengo edizioaren kolorea, ahal bezain azkar lanean hasteko", azpimarratu du Etxegaraik. EHZ musika jaialdi bat baino askoz gehiago da, gizarte eredu oso bat, eta aurtengo erronka norabide horretan zuzendu dute: orain arte musikari aitortu zaion nagusitasuna leundu, eta hedapen gutxiago izan duten egitasmoak sustatuko dituzte.

Festa bai, gogoeta ere bai
Hain zuzen, Gogoeta gunea izan da bultzada handiena jaso duen atala. "Azken bost urteetan berau indartu nahi izan dugu, baina aurten, esfortzu berezia egin dugu, festibalak sustatu nahi duen gizarte eredua musikarekin bakarrik hedatzea ezinezkoa delako. Gogoeta gunea da egitasmoaren muina biltzen duena", dio Etxegaraik. Izan ere, herritik eta herriarentzat sortutako jaialdia izateak desberdindu izan du beti EHZ, baina orain arte, arazo teknikoak tarteko, ezinezkoa izan zaie gune hori festibalaren eremuan barneratzea; aurten, ordea, aurrera pauso itzela eman dute herri zapalduen inguruko hamaika hitzaldi antolatu baitituzte jaialdian bertan.

Urteak igaro ahala ohartu dira festibalak adin guztietako publikoa erakartzen duela, eta haurren presentziari ikuspegi berri bat ematea izan da aurtengo bigarren erronka. Hala, haiei zuzendutako eguna izango da ekaiaren 27koa. Orotara, sei eta hamar urte arteko 300 haur inguru bilduko dira Garro gazteluan, eta elkarlanaren, birziklapenaren eta bertako ekoizleen kalitatezko jakien inguruko hainbat ekimen pedagogiko egingo dituzte haiekin.

EHrZ ere, mugak hautsiz
Urteroko musika lehiaketak ere aldaketak izango ditu berrikuntzaz jositako XIX. edizioan. Orain arte Euskal Herrira mugatu duten arren, aurtengoan gutxiengoan dauden kulturei zabaldu dizkiete ateak. "Gure gisakoak diren hainbat eragile bilatu ditugu Euskal Herritik kanpo lehiaketaren berri eman zezaten, eta erantzuna oso positiboa izan da", azpimarratu du Etxegaraik, hamabost herrialdetako 30 taldek hartu baitute parte. Horietatik hogeik maketa bat osatuko dute, jaialdiaren webgunean doan eskuratu ahal izango dena, eta azken fasean, epaimahaiak aukeratutako taldeek –bost eta hamar artean– lortuko dute EHZko eszenatokian jotzeko aukera.

Jaialdiaren berrikuntzek, halaber, edukiari ez ezik formari ere eragin diote. Gogoeta guneko egitaraua iragarri zuten lehendabizi, eta ondoren etorri zen musikaren programazioa. Txarteldegia, berriz, kontzertuen egitaraua iragarri aurretik zabaldu zuten. Hiru eguneko bonoa 45 eurotan eskuratu zitekeen orduan; maiatzaz geroztik, ordea, 55 eurotan erosi daiteke. Eneko Etxegaraik badaki publiko zabalak musika taldeen arabera erosten dituela sarrerak, baina zentzu horretan ere "desmarkatu" nahi izan dutela azaldu du. Orain arte ikusleengandik jasotako konfiantzarekin eta aurtengo aldaketek izan duten erantzun positiboarekin pozik dira antolatzaileak.

Gogoeta gunea



GOGOETA GUNEA
Ekainak 27
Emazteen borrokak patriarkalismoaren pare
Filmak, eztabaidak, tailerrak.

Ekainak 28
Populu autoktonoak kolonialismoaren pare
10:30 Euskal hedabideak EHZtik zuzeneko emankizuna.
11:30 Lehen mintzaldia: "Populu autoktonoek bizitako kolonialismoaren aurpegi desberdinak".
12:45 Eztabaida.
13:15 Kontzertu akustikoa.
13:45 Mahai ingurua: "Eskoziarren autodeterminazioa eta gobernamendu britaniarraren gaur egungo estrategiak" + "Kataluniako mugimendu anarkistak atzo eta gaur, eta prozesu parlamentarioen parioa" + "Kurdistanen lau lurraldeetako dinamikak azken bost hamarkadetan zehar".
15:15 Kontzertu akustikoa.
15:45 Bigarren mintzaldia: "Munduan zehar autodeterminazio bideak areagotzen: Katalunia, Quebec, Eskozia".
17:00 Eztabaida.
17:30 Kontzertu akustikoa.
18:00 Euskal hedabideak EHZtik zuzeneko emankizuna.

Ekainak 29
Populu autoktonoen autoeraketa kapitalismoaren pare
10:30 Euskal hedabideak EHZtik zuzeneko emankizuna.
11:30 Mintzaldia: "Autoeraketa populu autoktonoetan: zona autonomo permanenteen funtzionamendua".
12:45 Eztabaida.
13:15 Kontzertu akustikoa.
13:45 Lehen mahai ingurua: "Azawadeko borroka antikolonialisten historia eta gaurko egoera" + "Kabilia gobernamenduen pare" + "Chiapas. Hogei urte sistema propio autoeratuarekin".
15:15 Kontzertu akustikoa.
15:45 Bigarren mintzaldia: "Podere sistemak, populu autoktonoak eta anarkismoa", Noam Chomsky.
17:00 Eztabaida.
17:30 Kontzertu akustikoa.
18:00 Euskal hedabideak EHZtik zuzeneko emankizuna.

Taldeen zerrenda


Dub Incorporation + Cabaret Freaks + Zea Mays + Legendary Tigerman + Mexican Institute of Sound + Andreas et Nicolas + Niña Coyote eta Chico Tornado + Zezenaren taldea + Ska-P + Pendulum dj Set + Bigflo et Oli + Yaniss Odua + Gatibu + Birth of Joy + Kashbad + Bonaparte + The Lookers DSF + Amadou et Mariam + Shantel + Ruper Ordorika +  Esne Beltza + The Inspector Cluzo + The Excitements + Odei et Cubenx.