EHZ Festibala uztailaren 1etik 3ra izango da Irisarrin
Musikazaleek beste hitzordu bat izango dute uda honetan, uztailaren 1etik 3ra egingo baita Euskal Herria Zuzenean (EHZ) jaialdiaren 26.edizioa Nafarroa Behereko Irisarri udalerrian. Batzordetako kideak lanean ari direla iragarri dute, festibalerako kontuak antolatzen: nazioarteko eta Euskal Herriko artistak, partaide berriak, ikuskizunak, mintzaldiak... Datozen asteetan xehetasun gehiago emango dituztela jakinarazi dute.
Uztaileko jaialdiaren aurretik, ordea, EHZ Udaberria ekimena prestatu dute martxoaren 26rako, Biarritzen. Amets Arzallusek eta Marc Parramonek zuzendutako Altsasu (gau hura) dokumentala proiektatuko dute Le Royal zinema-aretoan, 17:00etan, eta solasaldia egingo dute jarraian Arzallusekin. Poteoa egingo dute ondoren Biarritzeko kaleetan, eta Mizanbu gaztetxean amaituko dute gaualdia. "Arratsean zehar sorpresak" izango direla ere aurreratu dute.


