Ehunka lagunen irribarreak Bilboko Alde Zaharrean

Ehunka lagunen irribarreak Bilboko Alde Zaharrean Hiru horma irudiz osatutako arte-instalazioa jarri dute Erronda kalearen hasieran eta 600 pertsona baino gehiagoren irribarreak jaso dituzte mosaikoetan, "gizarteak pandemiaren aurrean izandako erresistentziaren erakusle". https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ehunka-lagunen-irribarreak-bilboko-alde-zaharrean/@@download/image/irribarreak.png
2021/07/29

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Hiru horma irudiz osatutako arte-instalazioa jarri dute Erronda kalearen hasieran eta 600 pertsona baino gehiagoren irribarreak jaso dituzte mosaikoetan, "gizarteak pandemiaren aurrean izandako erresistentziaren erakusle".
Ehunka lagunen irribarreak Bilboko Alde Zaharrean

Bilboko Zazpikaleetako Erronda kalean ehunka lagunen irribarreak biltzen dituen arte-instalazioa jarri dute, pandemiaren aurrean gizarteak duen borroka eta erresistentzia erakuste aldera. Instalazioa, zehazki, hiru horma-irudi edo mosaiko artistikoz osaturik dago, Erronda kalearen hasieran, Gurutze kaleko sarreran eta Joan Santuen elizaren fatxadaren aurrealdean.

Rosa Pardo Merkatarien Elkarteko presidenteak adierazi duenez, "pandemian zehar galdu den hurbiltasuna berreskuratzen du, maskaren atzean ezkutatu ditugun irribarreak, irribarreok funtsezkoak baitira harremanak izateko, lagunen artean egoteko eta baita merkatariaren eta bezeroaren artean harreman egokiak lantzeko ere. Irribarrea pandemiatik ateratzeko izan dezakegun keinurik onena da. Izan ere, horrela elkarrekin egoerari aurre egin diezaiokegula erakusten dugu". 

Arte-ekimen hau Zure irribarrea eta nirea izeneko kanpainaren azken emaitza da. Kanpaina hori ZazpiKaleak Bilboko Alde Zaharreko Denda, Ostalaritza eta Enpresen elkarteak jarri zuen abian ekainaren hasieran, eta, aste hauetan zehar, 600 pertsona baino gehiagoren irribarreak jaso ditu, -merkatariak, bezeroak, Zazpikaleetara etorri diren bisitariak-, horiek guztiak mosaikoetan hilezkor bilakarazteko. Izan ere, mosaikook modu iraunkorrean geratuko dira Zazpikaleetako txoko horretan.

Merkatariez eta bezeroez gain, musikaren, literaturaren, zinemaren, gastronomiaren eta kirolaren arloko hainbat pertsona ezagunek ere erakutsi dute beren irribarrea: Gemma Martinez eta Sol Maguna aktoreak, Aitor Elizegi Athleticeko presidentea, Eder Aurre diseinatzailea, Toti Martinez de Lezea idazlea, Rafa Rueda musikaria, Sara Gandara ETBko aurkezlea, Fernando Canales sukaldaria eta Xabier Ochandiano Bilboko zinegotzia, besteak beste.

120 zentimetroko zabalera eta 90 zentimetroko altuera duten horma-irudiok altzairu trinkozko euskarrietan sartuta daude, eta hiru kontzeptu desberdin erakusten dituzte, gizartearen eta merkataritzaren, batez ere Zazpikaleetako denden, pandemiaren aurkako borrokaren ikur gisa, COVID-19ak sortu duen krisiak eragin handia izan baitu sektore horretan.