Ehun proposamen baino gehiago jaso dira Musika Bulegoa Sarien seigarren ediziorako
Euskal Herriko Musika Bulego elkarteak jakinarazi duenez, ehun lan baino gehiago lehiatuko dira eurek antolatutako 2022ko Musika Bulegoa Sarietan. Horien erdiak emakumeak buru dituztenak direla nabarmendu dute antolatzaileek. Hemendik aurrera epaimahaiaren txanda izango da, euskal sortzaile, artista eta musika taldeen lanak baloratu beharko baitituzte maiatzaren 17an Bilbao Exhibition Centren egingo den galako sarituak hautatzeko.
Deialdi honetara estilo askotako musika lanak aurkeztu dituzte, pop-rock-urban, musika klasiko garaikidea, folka, jazza edo musika elektronikoa, besteak beste. Euskara da proposamen gehienen hizkuntza nagusia (% 59), lan instrumentalak ugaritu diren arren (% 22). Gainerako lanak gaztelaniazkoak dira (% 11) eta hamar proiektutik ia bat beste hizkuntza batzuetan egin da.
Lan horiek epaitu behar dituen epaimahaia honako hauek osatzen dute: Ainhoa Vitoria aurkezle eta irrati esataria; Carlos Moran, Serantes Kultur Aretoko zuzendaria; Galder Izagirre musikari eta argazkilaria; Gema Sanchez AIE (Artisten Kudeaketa Elkartea, Interpreteak edo Musikaren Exekutiboak) elkarteko zenbait programaren koordinatzailea; Gotzone Higuera musikari, musika irakasle eta ikerlaria; Iker Sanchez, BilbaoSinfoniettaren zuzendari artistikoa; Juantxo Zeberio piano-jotzaile, moldatzaile eta konpositorea; eta Maria Taosa Radio 3-eko Programa Koordinatzailea eta Generacion Ya irratsaioaren zuzendari eta aurkezlea.
Epaimahaiak hamar sarituetatik zortzi aukeratu beharko ditu. Gainerako biak honako hauek izango dira: bata, Euskal Herriko musika-jarduerarekin zerikusia duen pertsona edo erakunde bati, prestakuntzan, sentsibilizazioan edo zabalkundean proiektu aipagarria gauzatzeagatik Euskal Herriko Musika Bulego Elkarteko zuzendaritza-batzordeak izendatuko duen sari berezia; eta, bestea, euskal musika gure mugetatik kanpo zabaltzeko artista edo talde batek egindako lana aitortzeko Etxepare Euskal Institutuak banatuko duena.

