Ehun jarduera baino gehiago egingo dituzte Bizkaiko museo eta aretoetan

Ehun jarduera baino gehiago egingo dituzte Bizkaiko museo eta aretoetan Leku bakoitzeko erakusketa iraunkorrez gain, aldi baterako hogeita hamar erakusketa baino gehiago izango dira, besteak beste. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ehun-jarduera-baino-gehiago-egingo-dituzte-bizkaiko-museo-eta-aretoetan/@@download/image/1000036864_202301241149227916986_25166.jpg
2023/01/25

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Leku bakoitzeko erakusketa iraunkorrez gain, aldi baterako hogeita hamar erakusketa baino gehiago izango dira, besteak beste.
Ehun jarduera baino gehiago egingo dituzte Bizkaiko museo eta aretoetan

Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatzen dituen museoetako, aretoetako eta kultura intereseko jardueren urteko katalogoa aurkeztu du. Programa anitza eta publiko osoari zuzendutakoa izango dela iragarri dute eta hamabi lekutan garatuko dena: Arkeologi Museoa (Bilbao), Santimamiñe (Kortezubi), Arrantzaleen Museoa (Bermeo), Euskal Herria Museoa (Gernika-Lumo), Europako Herrien Parkea (Gernika-Lumo), Euskararen Etxea (Bilbao), La Encartada fabrika-museoa (Balmaseda), Txakolin Museoa-Txakolingunea (Bakio), El Pobaleko Burdinola (Muskiz), Muñatones Gaztelua, (Muskiz), Ondare Aretoa eta Rekalde Aretoa (Bilbao).

Rekalde Aretoak bere fatxada Iparragirre kalerantz izango du, eta besteak beste, Eduardo Sourrouilleren, Juan Carlos Eguillorren eta Bizkaia Ertibil erakusketak antolatuko ditu. Ondare Aretoan ere izango da zer ikusi, tartean Jose Manuel Rozasen ibilbidea erakusten duena edo Bilboko zinema aretoetako arkitektura azaltzen duena. Euskararen Etxeak erakusketa berritua eskainiko du eta  Bermeoko Arrantzaleen Museoak bere 75. urteurrena ospatzeko programazio berezia eskainiko du. Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan erakusketa hauek egongo dira besteak beste: Abangoardiako 10 emakume Bizkaian, Basques in California eta  Palindromoak: Markos Gimeno, Autore Erotua, Joseba Sarrionaindiak eta Esteban Montoriok sortua. Arkeologi Museoan antolatuko diren erakusketek bisitariei monumentu megalitikoen historia, Egiptora egindako espedizioak, Euskal Herriko indusketak eta arte garaikidea izango dituzte ardatz. Bestetik, Santimamiñen, 1918tik aurrera egin ziren ikerketak eta bertan jaso zituzten material eta datuak egongo dira ikusgai.

Balmasedako La Encartada fabrika-museoa, orain dela 100 urte baino gehiago sortua, ia-ia jatorrian zen bezala dago eta bisitak egiten dira. Museoko bisitariek jatorrizko makina batzuen funtzionamendua ere ikus dezakete. 

Muskizko El Pobaleko Burdinola dago, Bizkaian funtzionatzen duen garai hartako burdinola bakarra da. Burdinolak askotariko eskaintzak ditu: esperientzia sentsorial eta didaktikoa bizitzeko aukera mailu piloia eta harrizko hauspo bereziak martxan jartzen dituztenean, eta museoko errementariak sutegian egiten duen forja tradizionalaren erakustaldia.

Muñatones Gazteluan, bisitariak Erdi Arora itzuli ahalko dira publiko guztientzat sortutako jardueren bitartez. Bakioko Txakolin Museoa-Txakolingunean, berriz, dastatze komentatu eta ilustratuak izaten dira. Erakusketa iraunkorraz gain, Txakolinaren Museoan zenbait gairi buruzko erakusketak daude, besteak beste hauek: Iragarki zaharrak Bizkaiko prentsan. 1859-1939, Eulalia Abaitua. Gure aurreko andrak, Margozaleak eta Mendian Gora.

Hemen kontsulta daiteke programazio osoa.