EHUko Udako Ikastaroetan izena emateko epea zabalik da

EHUko Udako Ikastaroetan izena emateko epea zabalik da https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ehuko-udako-ikastaroetan-izena-emateko-epea-zabalik-da/@@download/image/20125245395udako_kurtsoak.jpg
2012/12/13
berria
Aurtengoan XXXI. Udako Ikastaroak eta XIV. Europar Ikastaroak antolatu ditu EHUk, eta urtero legez, arlo anitzeko mintegiak, kongresuak, eskolak, tailerrak, jardunaldi profesionalak eta nola ez, ikastaroak, eskainiko dituzte. Izena emateko epea zabalik da hilaren hasieratik, baina maiatzaren 31 baino lehen eginez gero, %20 merkeago aterako zaizu. Donostiako Miramar Jauregian izango dira, ekainetik irailera.

Ekonomia eta enpresa, Giza eta gizarte zientziak, Hezkuntza, Bizitzaren bidaia, Energia eta ingurumena, Hizkuntzalaritza eta literatura, Historia eta kultura, Psikologia… Ikastaroen zerrenda amaigabea da, ikasle, profesional zein interesa duen orok bere nahien arabera aproposena aukeratu ahal izan dezan.

Ikastaroak prestakuntza zabaltzeko aukera gisa planteatu dituzte antolatzaileek, bizitza osoan zehar garatu beharreko ikaskuntzaren ildotik. Aurten, gainera, behar horiei erantzuteko lau atal nagusi banatu dituzte: Bizitzeko ikasten, Elkarrekin bizitzeko ikasten, Aurrera egiteko ikasten eta Irakasteko ikasten.

Matrikula egiteko hemen sartu eta argibideak jarraitu besterik ez duzu. Maiatzaren 2an ireki zuten izena emateko epea, eta plazak bete arte izango da zabalik. Dena den, hilabete hau amaitu baino lehen eginez gero, %20 gutxiago balio du. Beraz, azkar ibili! Prezioak 35 euro eta 120 euro bitartean daude, iraupenaren, zikloaren eta izena emateko dataren arabera.

Oharrak


Iraupena: Ikastaroak ekainean hasiko dira, eta irailean amaitu. Dena den, bakoitzak hogei orduko iraupena du, bataz beste.

Lekua: Donostiako Miramar Jauregia