EHUko ikasleak Silverstone eta Montmelo zirkuituetan lehian

EHUko ikasleak Silverstone eta Montmelo zirkuituetan lehian https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ehuko-ikasleak-silverstone-eta-montmelo-zirkuituetan-lehian/@@download/image/2011787034FS_Bizkaia_1.jpg
2012/12/13
berria
EHUko ikasleak Silverstone eta Montmelo zirkuituetan lehian
FS Bizkaia 2011 prototipoa diseinatu dute Ingeniaritza eskolakoek eta beste 121 unibertsitaterekin batera arituko dira

Urtebetetik gora eman dute autoaren diseinu, eraikuntza eta probaketa lanetan. Ingeniaritzako Goi Eskola Teknikoko 50 ikaslek osatu du taldea, eta hainbat erakunde eta enpresaren babesa eta laguntza izan dute. Basauri, San Inazio eta Sestako Lanbide Heziketa Eskoletako ikasleek ere hartu dute parte prozesuan zehar, Zamudio eta Zorrotzaurren egin dira proba gehienak eta Ingeniaritza Teknikoko hainbat irakasle aritu dira gidaritzan.

Datorren astean, uztailaren 13tik 17ra, egingo dituzte Silverstoneko (Britainia Handia) lasterketak. Talde osoak bidaiatuko du bertara, tartean pilotu lanetan arituko diren lau ikasleak, eta autoa kamioi batean bidalia dute jada zirkuitura bidean. Villarcayoko (Burgos) zirkuituan egin zituzten azken probaketak eta aurreko urteetan FS lasterketa hauetan talde onenek lortutako denborak egiten ari direla adierazi dute.

Irailean Bartzelonako Montmelo zirkuituan lehiatuko dira berriro, eta datorren urteari begira gasolinaz dabilen motorra motor elektriko batengatik ordezkatzeko asmoa agertu dute.