EHU, munduko 400 unibertsitate onenen artean

EHU, munduko 400 unibertsitate onenen artean Euskal Herriko Unibertsitateak iaz lortutakoari eustea lortu du aurten ere Shangain egindako rankingean. Ingenieritza metalurgiko, ingenieritza kimiko eta kimikako espezialitateetan lortu du sailkapenik onena. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ehu-munduko-400-unibertsitate-onenen-artean/@@download/image/ehu.jpg
2021/08/17

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Euskal Herriko Unibertsitateak iaz lortutakoari eustea lortu du aurten ere Shangain egindako rankingean. Ingenieritza metalurgiko, ingenieritza kimiko eta kimikako espezialitateetan lortu du sailkapenik onena.
EHU, munduko 400 unibertsitate onenen artean

Shangaiko Jiao Tong Unibertsitateak egindako unibertsitate onenen zerrendak lehendabiziko 400 postuen artean kokatu du berriz ere Euskal Herriko Unibertsitatea. Duela bederatzi urte sartu zen mundu mailan ezagunena den zerrenda honetan, 500 onenen artean, eta iaz 400 hoberenen artean sailkatu zuten. 

Espezialitateei dagokienez, Euskal Herriko Unibertsitatea munduko 150 unibertsitate onenen artean kokatu da hiru jakintza arlotan: Ingeniaritza Metalurgikoa, Ingeniaritza Kimikoa, eta Kimika. 200 onenen artean dago, berriz, beste hirutan: Elikagaien Zientzia eta Teknologia, Materialen Zientzia eta Ingeniaritza, eta Nanozientzia eta Nanoteknologia.

Gainera, postu onak lortu ditu Ingurugiro Zientzia eta Ingeniaritzan, Energiaren Zientzia eta Ingeniaritzan, Matematiketan, Fisikan, Nekazal Zientzietan, Botikan, Botika Zientzietan, eta Hezkuntzan. Munduko 300 unibertsitate hoberenen artean dago karrera hauetan. Ingeniaritza Elektrikoan eta Elektronikan, Ingeniaritza Mekanikoan, Biologia Zientzietan, Osasun Publikoan eta Zientzia Politikoetan 400 onenen tartean dago. Informatika Zientzia eta Ingeniaritzan, Lurraren Zientzietan, Ekologian, Biomedikuntza Zientzietan eta Kudeaketan, aldiz, 500 puntakoenen artean.

Harvard, Stanford eta Cambridgeko Unibertsitatea dira, ordena honetan, rankingeko lehen hiru erakundeak. Lehen hamar postuetatik zortzi Estatu Batuetako unibertsitateek betetzen dituzte, eta bi (Cambridgekoaz gain, Oxfordekoa) Britainiar Handiko unibertsitateak dira.

Euskal Herriari dagokionez, EHUz gain, Nafarroako Unibertsitatea (501-600 puntakoenen artean) eta Deustuko Unibertsitatea (301-400 onenetan Negozio Administrazioaren arloan) agertzen dira zerrenda honetan.