EHU-ko 'Saltillo' eskola ontzian ontziratzeko aukera izango da bermeotar gazteentzat

Euskal Herriko Unibertsitateko Saltillo eskola-ontziak udako itsasaldi tradizionalari ekin zion joan zen ostiralean. Mikel Lejarza buru duen zeharkaldi honetan, EHUko Nautika eta Itsasontzi Makineriako Goi Eskola Teknikoko ikasleek nabigazio-praktikak egiten dituzte, eta parte hartzea erabakitzen duten gazteek bertatik bertara ezagutu ahal izaten dute nabigazioaren mundua.
Gazteei belaontziko eta motorreko nabigazioaren esperientziara hurbiltzeko aukera eskaintzea da helburua, eta itsas-portuetako sektore bat ezagutaraztea.
16 eta 18 urte bitarteko bost gazte ontziratzeko aukera eskaintzen da, hurrengo portuan lehorreratuko direnak. Hala, bihar, bost gazte igoko dira Bermeon, eta hurrengo egunean Santurtzin lehorreratuko dira. Bidaian zehar, janaria eta edaria emango zaie ontziratutako pertsonei, eta, hasi aurretik, lanbide nautikoari buruzko bideo bat proiektatuko da.
Parte hartzeko interesa dutenek 635 70 78 12 telefono zenbakira deitu beharko dute izena emateko.