EHU-ren ikerketa baten arabera, Korrikan parte hartzeak efektu psikologiko positiboak ditu gizarte-ongizatean eta ahalduntze kolektiboan

EHU-ren ikerketa baten arabera, Korrikan parte hartzeak efektu psikologiko positiboak ditu gizarte-ongizatean eta ahalduntze kolektiboan 2019ko Korrikan parte hartu zuten hainbat korrikalariren artean egindako azterketaren bidez, Durkheimen teoria betetzen dela egiaztatu dute. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ehu-ko-ikerketa-baten-arabera-korrikan-parte-hartzeak-efektu-psikologiko-positiboak-ditu-gizarte-ongizatean-eta-ahalduntze-kolektiboan/@@download/image/korrika albistea.jpg
2023/05/18

Korrikako irudiak: AEK

Jon Zabalaren argazkia: Nagore Iraola. EHU

2019ko Korrikan parte hartu zuten hainbat korrikalariren artean egindako azterketaren bidez, Durkheimen teoria betetzen dela egiaztatu dute.
EHU-ren ikerketa baten arabera, Korrikan parte hartzeak efektu psikologiko positiboak ditu gizarte-ongizatean eta ahalduntze kolektiboan

Emile Durkheim (1858-1917) soziologo aitzindariaren arabera, "gizarte-isolamendua mehatxu larria" izan daiteke osasunerako eta biziraupenerako, eta "erritu kolektiboak funtsezkoak dira gizarte baten kohesioa eta osasuna bermatzeko". Haren ustez, tarteka ospatzen diren erritu kolektiboek berrindartu egiten dituzte talde-balore eta sinesmenak, eta kohesio soziala sustatzen dute. Ondorioz, gizabanakoak gizartearekiko fede eta energia eraberritzen ditu eta eraberritze-sentsazioa pertsonen arteko elkarreragin emozionalaren bitartez sortzen den bateratasun emozionalak ahalbidetzen du. 

Gizarte Psikologia CCE ikertaldeko kide den Jon Zabalak adierazi duenez, "gizakia izaki soziala da, eta erritu kolektiboetan parte hartzeak eragin psikologiko positibo ugari ditu, bai talde gisa, bai indibiduo gisa. Ikerketen arabera, erritu kolektiboetan parte hartzeak integrazio soziala sustatzen du, sinesmen sozialetan positiboki eragin, eta maila indibidualean (adibidez, autoestimuan eta bizitzarekiko asebetetzean) zein kolektiboan ahalduntzen du, besteak beste. Ez da harritzekoa, beraz, COVID-19aren pandemiari aurre egiteko hartutako isolamendu-neurriak estres, antsietate eta depresio maila altuagoekin lotu izana”. 

Orain arte Durkheimen teoria oso ikerketa gutxitan egiaztatu bada ere, ikertzaileek ondorioztatu dute Korrikan betetzen dela teoria. Ikertzaileen esanetan, ”parte-hartzaileek ongizatearen adierazle maila altuagoak erakusten dituzte Korrikan parte hartu ondoren, aurretik baino. Eta, adierazle horietako batzuetan, adibidez, integrazio sozialaren kasuan, maila horrek iraun egiten du Korrika bukatu eta sei astera ere“. Ikertzaileek aztertu ahal izan dutenez, Durkheimek aipatzen duen ”eferbeszentzia kolektiboa” da eragin positibo horiek azaltzen dituena: ”Parte-hartzaileak integratuago sentitzen dira taldean, herrian eta komunitatean, kolektiboki ahaldunduago, eta, gainera, pertsonekiko eta gizartearekiko ikuspegi positiboagoa dute”. 


Jon Zabala ikertzailea

Ikerketa 2019ko Korrikako parte-hartzaileen lagin baten gainean egin zuten, hiru urratsetan: Korrika hasi aurretik, Korrika martxan zen bitartean, eta Korrika bukatu eta gero. Datuak jasotzeko, online bidezko hiru galdeketari erantzun zieten parte-hartzaileek, urrats bakoitzeko banari.

Ikerketa hau Jon Zabalaren doktore-tesiaren atal bat da. Oinarrizko Psikologia Prozesuak eta Garapena Sailean ari da tesia egiten, Aitziber Pascual Jimeno irakaslea zuzendari eta Susana Conejero Lopez irakaslea zuzendarikide dituela.