EHEk 20 elkarretaratze antolatu ditu Nafarroako hizkuntza politika salatzeko

EHEk 20 elkarretaratze antolatu ditu Nafarroako hizkuntza politika salatzeko https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ehek-20-elkarretaratze-antolatu-ditu-nafarroako-hizkuntza-politika-salatzeko/@@download/image/201112153370leyvascuence2.jpg
2012/12/13
berria
'Ley de Vascuence' delakoak 25 urte betetzen ditu gaur, eta euskalgintzatik trabak baino ez dituela ekarri salatu nahi da

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak Nafarroako euskalgintzako ordezkariekin batera egindako Iruñean egindako agerraldian 25 urte hauen balantzea egin zuten. Euskalgintzak ez duela ospatzeko ezer adierazi zuten eta zonifikazioa, hizkuntza-eskubideen urraketak eta euskararen garapenari jarritako trabak aipatu zituzten. Zonifikazioak hainbat euskaldun eskubiderik gabe uzten dutela salatu zuten, eskubideak hiztunei dagozkiela eta ez eremuei gaineratuaz. 25 urte hauetan Administrazioaren euskalduntze bidean ez dela pausu bakar bat ere eman ere seinalatu zuten, eta gizartearen hainbat alorretan (sozioekonomikoa, aisialdia, helduen euskalduntzea…) erabat abandonatu dela euskararen sustapena.

Arrazoi guzti hauengatik legea aldatu beharra dagoela aldarrikatu dute eta Euskal Herrian Euskaraz ekimenak aldarrikapena kalera ateratzeko hainbat mobilizazio deitu ditu gaurko.

Arratsaldeko 19:00etan Altsasu, Etxarri-Aranatz, Iruñea, Burlata, Barañain, Berriozar, Lesaka, Otsagabia, Gares eta Lakuntzan egingo dira elkarretaratzeak. 19:30etan Atarrabia, Irunberri eta Agoitzen elkartuko dira, eta 20:00etan Noain, Antsoain, Leitza, Faltzes, Tafalla, Lizarra eta Tuteran. "Euskaraz bizi nahi dugulako, hizkuntza politika burujabea!" izango da mobilizazioen leloa.

Bada garaia Naparheidarekin bukatzeko, Nafarroan euskaraz bizitzeko eskubidea baino ez da eskatzen.