EHBF: Hamar urte eta hamaika egiteko

EHBF: Hamar urte eta hamaika egiteko https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ehbf-hamar-urte-eta-hamaika-egiteko/@@download/image/201112289120ehb_1360924998.jpg
2012/01/06
erreportajea
Testua: Igone Fernandez
Hamar urte gutxi edo asko izan daitezke gizarte eragile baten eta herri baten historian. Euskal Herriko Bilgune Feministak aurten
beteko du hamarraldia, “zoritxarrez”, hasierako helburu berberekin. Mugimendua, baina, sekula baino indartsuago sentitzen dute eta zabaldu berri den abagune soziopolitikoak emakumeen eskubideen behin betiko aitortzarako dakartzan aukeren jakitun dira. 

"Hamaika egiteko ari gara" aukeratu dute lelo gisa, hamar urtez aritu baitira lanean, eta, orain, hamaika egiteko segitzen baitute jardunean, Euskal Herri feministarantz. Saioa Iraola eta Miren Aranguren kideek kontatuko digute gehiago EHBFren iraganaz, orainaz eta geroaz.

2002 urtea zen emakume talde “txiki samar” batek Euskal Herriarentzako proiektu feminista osoa eta integral bat garatzeko konpromisoa hartu zuenean. “Gure borrokak erreferente nazional bat behar zuen, emakumeok aldaketaren protagonista gisa aktibatuko gintuena”, azaldu digute. Garai hartako hainbat faktorek testuinguru egokia sortu zuten bertako emakume abertzaleak diagnostiko komun baten inguruan biltzeko: “Egizan taldearen ibilbidea 1998an eten zen eta, ordutik, mugimendu feminista ere oso sakabanatuta geratu zen.

90eko hamarkada garai iluna izan zen. Apenas zegoen baterajotzerik ildo ezberdinen artean. Nork bere borroka segitzen zuen. Milurteko berriarekin, Alardearen inguruan sortu zen tentsioak, baina, egoerari buelta eman nahi zioten taldeak elkartzera eraman zituen. Lehenago, 1998ko Lizarra-Garaziko akordioan bazegoen txertatuta kezka feminista, eta 2000 urtean abiatu zen Mundu Martxak ere berrindartu zuen bateratzea”.

Nolanahi ere, orduko haiek tradizio luze baten oinordekoak ziren, “azken 30 urteetan askotariko uneak, borrokak eta taldeak” izan baitira gurean, eta jendartea aldatzearekin batera aldatu baita mugimendua bera ere. “Hasiera-hasierako borroka moldeak nahiko homogeneoak ziren eta gorputza ipintzen zuten erdigunean. Gerora, pixkanaka, dibertsifikazioa heldu zen eta aldarrikapen fronte ezberdinak loratu ziren, elkarren osagarriak”. Aitzitik, gaur egun ere, gorputza eta erabakitzeko eskubidea dago euskal feminista guztien ekintzaren oinarrian.

“Badakigu ez garela berdinak plano ideologikoan, baina irakurketa asko konpartitzen ditugu, eta harreman ona eta iraunkorra dugu gure artean”.
Euskal Herrian eta Euskal Herritik; baina munduari begira. Izan ere, gurean garatu den tradizio feministak badu berezko lekua, eta ez nolanahikoa, nazioarte mailan ere. “80ko hamarkadan hemengo emakume asko Nikaraguara joan ziren han martxan zeuden ekimenen berri izatera eta hango esperientzietatik ikastera”. Iragan hurbilagoan kokatuta, Emakumeen Mundu Martxan aktiboki parte hartu izanari berebiziko garrantzia aitortzen diote EHBFko kideek: “Martxaren barruan toki handia egin dugu herri gisa agertu garelako eta berezko ekarpena egin dugulako, gure borroka erreferente bihurtu da leku askotan”.

Egunez egun egiten da bidea

Hamar urte hauetan nabarmen hedatu da EHBF sarea eta emakume talde txiki batek abiatu zuena proiektu “erraldoi” bihurtu da. Gero eta kolektibo anitzagoekin dute harremana, gero eta militante gehiago dituzte, gero eta eragin handiagoa.... “urte luzez entrenatu ostean, orain sasoiko gaude eta partida jokatzeko prest!”. Bai, zabaltze hutsetik haratago, aurrerapauso handiak eman baitituzte diskurtsoari dagokionez eta baita lan moldeetan ere: “Feminista denak badaki denetarik egin behar dela gure ahotsa entzun dadin eta gure borroka aintzat hartua izan dadin”.

Bidean bizitako mugarri adierazgarrienei buruz galdetuta, Iraolak eta Arangurenek argi dute: “Sorreratik oinarri sendo eta bateratuak finkatu izana oso garrantzitsua da. Topaketek, bestalde, hausnarketarako espazioak izateaz gain, etorkizuna marrazteko aukera eman digute; Euskal Herriko Emakumeen Eskubideen Karta ere ezinbesteko tresna da gure jardunean eta eztabaida hark ekarpen handia egin zigun... baina, dudarik gabe, eguneroko lana da motor edo eragile handiena”.
Balantzea positiboa dela aitortu digute, nahiz eta emakumeen egoera gehiegi aldatu ez dela ere badakiten, krisi sistemikoak areagotu egin baitu lehendik ere existitzen zen prekarietatea eta arriskuan jarri baititu lortutako zenbait eskubide. “Zoritxarrez, hasierako helburu berberekin jarraitzen dugu, baina indartsuago. Zapalkuntza patriarkalarekin amaitzeko bide ona hartua dugu, gure proiektua babestuagoa sentitzen dugu”.

Izen-abizen eta nortasun asko daude babes horren atzean, “baina emakumeak dira subjektu nagusi eta protagonista”. "Emakumeak" zaku horretan patriarkatuak zapaltzen dituen kolektibo guztiak sartuko lituzketela argitu digute, baina badakitela denak ez direla horrekin identifikatuta sentitzen eta, horregatik, nahiago dutela feminismoa aldarrikatu “patriarkatuak egokitu digun sexua alde batera utzita”. Gizonei buruz galdetuta, oraindik “egiteke” duten ekarpen nagusi bat aipatu digute: “Sistema patriarkalak eman dizkien pribilegioak alde batera utzi eta ezarri dizkien mugak nola gainditu erabaki behar dute. Hanka ezberdinak dituen mahai bera eraiki nahi badugu, askotan egingo dugu topo”.

Datorren partida jokatzeko prest!

Atzera begiratuta, beraz, badute zer ospatua 10. urteurren honetan; baina gogoa etorkizunean dutela ospatuko dute, gehiago baitira erronkak betetako urteak baino. “Gure eskubideen behin betiko aitortza lortzeko abagune ezin hobea da oraingoa. Aldaketa sozial eta politikorako aliantza berriak sortu dira, Euskal Herrian prozesu demokratiko bat abiatzeko baldintzak inoiz baino argiagoak dira eta herritarrak konponbidea aldarrikatzen ari gara”. Mugimendu feministak ezin dio tren honi ihes egiten utzi, horretan zalantzarik ez dute: “Ezin dugu beste alde batera begiratu, erantzun sendo bat emateko momentua da, feministon arteko akordioa eta lankidetza inoiz baino garrantzitsuagoa da orain”.

Leitza, bosgarren topalekua



Datorren martxoaren 2an, 3an eta 4an, Emakumeen Nazioarteko Egunaren atarian, Emakume Abertzaleen V. Topaketak antolatuko ditu EHBF-k Leitzan. Hamarraldia borobiltzeko modu onena.

Jardunaldi hauek dira unean uneko hausnarketak, kezkak eta alternatibak plazaratzeko bilgunea; hauetatik ondorioztatzen baitira aurrera begirako lehentasunak eta estrategiak.

2001ean egin zituzten lehenengo aldiz, Leitzan bertan, oraindik  EHBF sortu gabe zenean, eta hain justu horregatik, Euskal Herriko emakumeen egoeraren diagnostikora hurbiltzea izan zen helburua. Ordutik, bi urtean behin elkartu dira. 2003an "zapalketa patriarkalaren aldaera ezberdinak" identifikatu eta hauei eman beharreko erantzunak zehaztera bideratu zituzten ahaleginak. 2005eko topaketak, aldiz, orduko testuinguru politikoak baldintzatu zituen: Euskal Herria bake prozesu baten atarian zegoen eta egoera horretan emakumeek izan beharreko parte hartzeaz hitz egitea ezinbestekoa iruditu zitzaien. Laugarrenak 2009an iritsi ziren, eta hauetan "feminismoa instituzionalizatzeko ahalegin basatia" izan zuten hizpide. Beste bi urteren buruan, 2011n alegia, berriz ere elkartzeko konpromisoa hartu zuten, baina hamargarren urteurrena ate-joka zela eta, 2012ra pasatzea hobetsi zuten.

Feminista jarduten den orok, beraz, Leitzan du hitzordua martxoaren 2tik 4ra bitarte. Parte hartu nahi duenak EHBFren atarian aurkituko du izena emateko aukera eta beharrezko informazio guztia. Hala ere, ehbf@bilgunefeminista.org helbidea eskura dago sor litezkeen zalantza guztiak helarazi eta argitzeko.

Iluntzeko ekitaldietan eta igande eguerdiko ekitaldi nagusian ez bezala, "antolatutako eztabaidetan gizonezkoek ezingo dute parte hartu, nahiz eta bertatik aterako ditugun ondorio eta proposamenak eremu mistoetan landuko ditugun, orain arte bezala. Feministok erabat baikabiltza eremu mistoetan lanean. Baina iruditzen zaigu garrantzitsua dela emakumeok soilik elkartzea eta bizi ditugun zapalkuntza egoerez hitz egitea; elkarrekin eskuz esku eraiki ditzakegun alternatibek gugandik sortuak izan behar dutelako. Sistema kapitalista patriarkalak sortutako jendarte honetan sistemak herritarrok botere harremanen arabera egituratzen gaitu eta emakumeok ere bizi dugu bereizkeria hori baserritar, etxeko langile, lesbiana, zaintzaile, kaleratu, ama, preso, puta... moduan jarduten dugun momentutik".

Egitaraua:

Martxoaren 2a, ostirala
16:00-18:00. Izen ematea zinean.
18:00-20:00.  Mahai-inguru nagusia eta eztabaida: 'Prozesu demokratikoa eta emakumeon hitza: han eta hemen'. (Nazioarteko esperientziak ezagutu eta gurean fintzen joateko tartea).
20:00-02:00. Afaria eta emanaldi akustikoa Atekabeltz gaztetxean.

Martxoaren 3a, larunbata
09:30. Izen ematea zinean.
10:00-12:00. Mahai-inguru nagusia: 'Eredu ekonomiko eta sozial feminista eraikitze bidean; gaurdanik, urratsak eginez'.
12:00-14:00. Eztabaida tailerrak: Zaintza, elikadura subiranotasuna, osasuna, prostituzioa, emakume presoak.
14:00-16:00. Bazkaria.
16:00-20:00. Esparru anitzeko jardun feminista ezagutuz: Alternatiba sozioekonomikoak, duintasunerako gakoak; Hezkidetza Lau Haizetara; Autodefentsa Feminista; Praktika artistiko feminista; Kazetari feministen sarea harilkatzen; Sexualitatea.
20:00-04:00. Poteoa, afaria eta festa Atekabeltz gaztetxean: antzerkia, kontzertuak eta Djak.

Martxoaren 4a, igandea
10:00-12:00 Mahai-inguru nagusia: 'Indenpendentzia dugu bidea, eta helburua: Euskal Herria feminista. Estrategia politikoaren kontaketa eta eztabaida'.
12:00-13:00 Ondorioen kontaketa eta ekitaldia.

*Haurtzaindegi zerbitzua egongo da.