'EH!rasmus' saioa estreinatu du Gazteak

'EH!rasmus' saioa estreinatu du Gazteak Erasmus programarekin atzerrian dauden sei ikasleren berri emango dute Gaztearen Youtubeko kanalean igandero. Horretaz gain, haien egunerokoa jarraitzeko aukera ere izango da Instagramen eta Twitterren. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/eh-rasmus-saioa-estreinatu-du-gazteak/@@download/image/20210929110055_ehrasmus-portada-gaztea-y_foto610x342.jpg
2021/10/05

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Erasmus programarekin atzerrian dauden sei ikasleren berri emango dute Gaztearen Youtubeko kanalean igandero. Horretaz gain, haien egunerokoa jarraitzeko aukera ere izango da Instagramen eta Twitterren.
'EH!rasmus' saioa estreinatu du Gazteak

Gazteak EH!rasmus saioa estreinatu berri du bere Youtube-ko kanalean eta, Erasmus programa tarteko, atzerrira joan diren sei gaztek beraien egunerokotasunaren kontaketa egingo dute bertan. Erronkak ere izango dituzte gazteek, hala nola erosketak diru-kopuru zehatz batekin egitea, bizi diren tokietako eskaintza kulturala erakustea edota bertako gazteek lana nola lortzen duten azaltzea.

Saioa sociality-a dela adierazi dute sortzaileek, bizipen erreal bat sare sozialen bitartezeta, ondorioz, protagonistek euren egunerokoaren berri emango dute Twitter eta Instagram kontuetan. Bizirauteko trikimailuak, bideoak eta argazkiak partekatuko dituzte sarean. Gainera, euren abentura eta bizipenak taldean ikusi eta jarraitzaileek komentatu, galdetu eta parte hartu ahalko dute, harreman zuzena eraikiz. Era berean, Gazteako Dida! irratsaioan eta ETB1eko Biba Zuek! saioan parte hartuko dute kazetari modura. 

Eskoziako Aberdeen-en dagoen Zuriñe Iglesias Sarasola, Norvegiako Lillehammer-ren dagoen Maider Arcelus Galarraga, Montevideon dagoen Ander Elordui Somarriba, Bolonian dagoen Eider Cortes Vitoria, Sevillan dagoen Nora Alonso Soliño eta Coimbran dagoen Irati Aginaga Imaz izango dira lehen lauhilekoaren protagonistak. 

Lehen atala igandean estreinatu zuten eta bakoitzak bere aurkezpena egiteaz gain, 20 eurorekin hozkailua bete behar izan zuten. Saioaren atal berriak igandero izango dira ikusgai, 21:00etan, Youtuben eta eitb.eus-en. Gabonetan amaituko dute saioa, gazteak etxera itzultzen direnean.